ButaK 21 zineklubak Javier Aguado eta Mari Jose Lizarralde mineralogia eta paleontologian adituak omendu zituen atzo. Beraien lanari buruz hitz egin zuten eta ondoren Fire of love dokumentala eman zuten. Pelikula honetako protagonistak Krafft senar-emazteak dira. Senar-emazte hauek, Aguado-Lizarralde senar-emazteek bezala, geologia maite zuten. Omenaldian ia 100 lagunek parte hartu zuten.
Aguadok eta Lizarraldek Urrelur museoaren irekiera bultzatu zuten. Museoa Aguadoren aitaren bildumarekin ireki zen. Mineralogia eta Paleontologia Astea ere beraien ekimenez sortu zen. Omenaldian geologiaren garrantziaz hitz egin zuten eta hainbat pasadizo kontatu zituzten.
Aguadok, mineralak erosi eta saltzeaz gain, El Diario Vasco egunkarian Urretxuko kronika idazten du. Atzoko omenaldian igandeko kronika bere azken kronika izango dela jakinarazi zuen.
Argazki nagusia: Gotzon Aranburu