Zumarragako Udalak 2023ko aurrekontua onartu zuen atzo. PSE-EEk alde bozkatu zuen eta EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak aurka. Udalak 13.385.000 euroko aurrekontua izango du 2023an. Datorren urteko aurrekontua aurtengoa baino %3,08 handiagoa izango da.
Rosa Maiza PSE-EEko bozeramaileak udalak ez duela inor atzean utziko aipatu zuen eta egitasmo garrantzitsuenen berri eman zuen: etxebizitzak geriatriko zaharrean, alokairu sozialeko 108 etxebizitza Eitzaga-Berrin, Txurruka eta Beloki hiribidea lotuko dituen igogailua, Legazpi kalearen eta San Isidro auzoaren semipeatonalizazioa, patinete elektrikoak kargatzeko puntuak kiroldegian eta kultur etxean, kiroldegiko fatxadaren berritzea, kiroldegiko erabilera anitzeko aretoetan klimatizazioa, prestakuntza zentro bat Argixaon, gazteentzako komunitate digital bat gazteek euskarazko sare sozialak izan ditzaten…
Mikel Serrano alkateak Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezen jarrera txalotu zuen eta EH Bilduri eta EAJri seriotasun falta leporatu zien. “EH Bilduk ez du proposamenik aurkeztu eta EAJk batzordea baino 24 ordu lehenago aurkeztu zituen”.
Benitezek bere proposamenen berri eman zuen: goiko auzoetan hobekuntzak egitea, puntu beltzak identifikatzea eta arazoa konpontzea, auzoetan bilguneak sortzea, hilerri azpiko haur parkea konpontzea, ur txorrotada parkea egitea, ingurumenaren eta ludopatiaren inguruko sentsibilizazio kanpainak egitea eta maskotentzako kolunbarioa egitea. Beraien proposamenak ez direla kontuan izan esan zuen eta aurrekontuen aurka bozkatu zuen.
EAJko Josu Idigorasek gastu arrunta gehiegizkoa dela esan zuen eta gobernantza kolaboratiboa aldarrikatu zuen. Beraien proposamenen berri ere eman zuen: parke bat estaltzea (herritarrek aukeratutakoa), Izazpiko kantxa ixtea (taldeek bertan entrenatu ahal izateko), Adif-en lurretan autokarabanentzako aparkaleku bat egitea eta geriatriko zaharraren inguruko irisgarritasun azterketa egitea. “Gobernu taldekoek soberakinarekin zer egin daitekeen denon artean aztertuko dugula esaten digute, baina soberakina berez ez da inbertsioetarako. Pandemiak eragindako krisia dela eta, inbertsioetarako erabiltzen uzten dute, baina zorrak ordaintzeko erabili behar zen eta egunen batean horretara itzuliko gara. Egun horretatik aurrera, oso diru gutxi izango dugu inbertitzeko”.
EH Bilduko Josu Aztiriak 2020ko, 2021eko eta 2022ko aurrekontuetarako aurkeztu zituzten akordio proposamentak erakutsi zituen. “Guztiei ezezkoa eman zitzaien. Beraz, 2023ko aurrekontuetarako proposamena soberakinen gaia lantzen denean aurkeztuko dugu. Aurreko urteetako inertziak okertu egin dira eta lanketa foroak murriztu egin dira. PSE-EEk aurrekontuak urtea amaitu aurretik onartu nahi ditu, indarra erakusteko. Baina aurrekontuan oso inbertsio gutxi daude. Etxez etxeko zerbitzurako 100.000 euro gutxiago dago eta emantzipaziorako laguntzak erdira jaitsi dira legealdi hasieratik hona. Langile publikoen soldaten igoera ez dator aurrekontuetan, nahiz eta adostuta egon. Udalaren ahulezia ekonomikoa agerikoa da. Ez da katastrofikoa, baina ez duzu zure medioekin aurre egiteko aukerarik. Inbertsioak soberakinekin egiten dira. Arriskutsua da. Sail guztiek aurreikusitakoa gastatuko balute, ez litzateke inbertsioak egiteko dirurik egongo. Inbertitzen dugu, ez dugulako aurreikusitako guztia egiten”.
Mikel Serrano alkateak bere proposamenetako batzuk dagoeneko egiten ari direla erantzun zion Benitezi. “Beste proposamen batzuei dagokienez, gehiago landu behar direla esan nizun. Ez nien ezezkorik eman. Bestalde, zure proposamenen kostua jakinarazi diguzu, baina ez diguzu esan dirua nondik atera behar den. Zuk proposatutakoa egiteko behar den dirua nondik kendu behar den, alegia”.
Aztiriari udalaren egoera ekonomikoa ez dela txarra esan zion. “Diru-laguntza asko lortu ditugu. Eta etxez etxeko zerbitzuari dagokionez, behar den kopurua aurreikusi dugu. Urriaren 31 arte 413.000 euro gastatu ziren. Urte amaierarako 500.000 gastatuko direla kalkulatu dugu. Eta hala ere, datorren urterako 600.0000 euro aurreikusi ditugu. Emantzipaziorako laguntzei dagokinez, lehen aurrekontua handiagoa zen Eusko Jaurlaritzak laguntzarik ematen ez zuelako. Egun, jaurlaritzak ere laguntzak ematen ditu”.