Urretxuko Udalak 2023ko aurrekontuak onartu zituen osteguneko osoko bilkuran. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. EH Bilduk idatzi bat igorri du, aurrekontuen inguruko iritzia azaltzeko.
“Urretxuko EH Bilduk hasieratik izan du, udal aurrekontuen bitartez, urretxuarren alde lan egiteko eta guztion ongizatea lehenesteteko asmoa. Horretarako, akordioetara iristeko borondatea izan dugu 2023ko aurrekontuen prozesuan, legegintzaldi osoan egin dugun bezala. Izan ere, gure prestutasuna adierazi dugu udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari gure ekarpenak egiteko, batez ere herritarrek eurek helarazi dizkiguten proposamenak izan baitira mahai gaineratu ditugunak, argi baitugu udal jarduna herritarrekin eta herritarrentzat egin behar dugula.
Hori horrela izanik, proposamen ugari aurkeztu ditugu, gure ekimenez osteguneko udalbatzan onartu zirenak:
-
Jose Mari Lasa plaza, Aldiri kiroldegia eta Nekolalde kaleko aurrealdeko zona berria oinezkoentzat oso arriskutsu geratu da, iaz egin zen obra berriaren ondoren. Oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, eremu guztia peatonalizatzearen proposamena egin dugu, Mugikortasun ekintza planean lehentasunezko eremu moduan txertatzea lortu dugu.
-
Euskaraldia amaitzera doan honetan, Urretxun euskararen erabilera areagotzeko partidak gehitzea lortu dugu, Zintzo Mintzoren bekaren proiektuaz gain.
-
Gipuzkoako Batzar Nagusietan Energi beharren mapa egitea adostu dugun moduan, Urretxuk duen behar energetikoen diagnosi bat egingo da, aurrezpen energetikoa gauzatzeko helburuarekin, etorkizunean hartu beharreko erabakiak modu estrategikoan har ditzagun. Udal eraikinez gain, Urretxuko etxeetan eta enpresetan dagoen energia gastu eta CO2 kopurua aztertzeko eta etorkizunerako ekoizpen beharra zein izan daiteken jakiteko erabiliko da.
-
Landa garapenean, krisi klimatikoak eta beste horrenbeste krisi egoerak sortutako ondorioengatik herriko ustiategietako eta baserrietako abereentzat belarren beharren gaiari buruzko dirulaguntzaren proposamenaren irizpideak aztertu eta baldintzak zehaztuko dira.
-
San Martin auzoko eskaera ezberdinak doituko dira eta Abenidako eszenatokia erabilgarriagoa izan dadin hobekuntzak egingo dira.
-
Aldiri II proiektuaren gauzatze kronograma jasoko dugu, herritar zein eragileek erabileraren gaineko proposamenak egin ditzaten eta horien araberako lanak egin ditzaten.
-
Mantxinporta zonaldean, Gurutze auzoko etxebizitzetako zonaldean dagoen Berriotxoako triangeluan kokatuko den proiektu berria kontuan izanik, oinezkoentzat zubi berri baten bidez beste aldeko bidegorrirako lotura egitea lortu dugu. Orain udal gobernuak hori gauzatzeko kudeaketa egin beharko du Ura agentziarekin eta Zumarragako udalarekin.
-
Labeaga Aretoaren egoera ikusirik, Urretxuko Udal gobernuak areto honen egokitzapena aztertzeko beharrezko eskaerak egingo ditu eta partida berri eta propio bat sortuko du, aurreproiektu bat egiteko.
Horrez gain, Auzobusa iristen ez den eta barreiaturik dauden auzo eta baserrietara joateko euro-taxiaren proposamenari udal gobernuak ezetza eman dio, baina mugikortasun plan berrian jorratzeko konpromisoa hartu dugu Urretxuko EH Bildutik.
Bestalde, aurrekontu hauek ur zerbitzuaren esleipenaren partida jasotzen dute, eta argia da Urretxuko EH Bilduk uraren kudeaketari buruz azken urteetan izan duen postura, azkena udal ordenantzen debatean azaldu genuena: ura bezalako oinarrizko zerbitzu batek publikotasunerako bidea hartu behar du. Udal gobernuaren erabaki politiko bat medio, Urretxuko herritarrek ura inguruko herri eta bailaratakoek baino garestiago ordaintzen dute, nahiz eta tasak izoztu.
Azkenik, Pagoetako proiektuarekin audaziaz aritzeko momentua iritsi dela uste dugu. 2011- 2015 legegintzaldian, herrian garai hartan zegoen ekipamendu faltari erantzun integral bat emateko helburuarekin, EH Bilduk abiatutako proiektua da egun martxan jartzen ari direna. Edozein kasutan, tamainako proiektu batek, obren eta ekipamenduen akondizionamenduaz harago, proiektu eta plan integral bat behar dute. Plan horren diseinuan inguruko auzotarrek, eragile kulturalek, kiroletakoek zein sozialek parte hartu beharko lukete. Urretxuko herritarrek, finean. Eta hori da faltan botatzen duguna, gaur gaurkoz erabilera ereduaren inguruko lanketarik ez da gauzatu, eta horretan sakontzea ezinbestekoa da.
Urretxuren alde eta urretxuarrentzat, 2023ko aurrekontuei babesa eman diegu, alderdi bakoitzaren ekarpen ezberdinak balorean jarriz baina kontuan izanik aurrean ditugun erronkek egiturazko neurri eta proiektuak behar dituztela, komunitatea ehuntzen jarraitu eta herritarren ongizatea lehenetsiz”.