Urretxuko Udalak 12,93 milioi euroko aurrekontua onartu du. Inoizko handiena da. Iazkoa baino %2,81 handiagoa. Alderdi guztiek alde bozkatu dute.
Udalak ez du zorrik eta 4 milioi euroko soberakina du. Hori dela eta, inbertsio garrantzitsuak egitea erabaki du. Pasiotarren komentuan Aspaceren eguneko zentro berria eta adineko pertsonentzat apartamentuak egingo ditu. Obra hori abian dago eta 2023an 1,7 milioi euro bideratuko dira.
Ondoan, Pagoeta gune soziokulturalean (eliza zena), igogailua jarriko dute. Horretaz gain, akustika hobetzeko lanak egingo dituzte.
Horretaz gain, 2023an beste egitasmo garrantzitsu baten lehen pausoak emango dira: Aldiri Bi kiroldegia. Ikastolak udalari futbol zelaia utziko dio eta honek estali egingo du. Horretaz gain, Pagoeta igerilekura pasabide berria, kirola egiteko gelak eta aldagelak egingo ditu bertan. Obra 2023an hasiko da eta lau milioi euroko aurrekontua izango du, gutxi gorabehera.
Horretaz gain, Goldeneko txaletetako mendi-hegala eusteko lanak egingo dira. Obra horren aurrekontua 500.000 eurokoa da.
Gizarte Ekintza sailari dagokionez, pasiotarren komentuko obra egiteaz gain, gizarte langile bat kontratatuko da. Horri esker, bi egitasmo berri jarriko dira martxan: herriko boluntario sarearen promozioa eta kudeaketa (Adinkideren laguntzarekin) eta etxeko laguntza teknologia berriekin hobetzeko egitasmoa (IMQ Igurkorekin elkarlanean).
Berdintasunari dagokionez, udalak 2023an ere Goierriren emakumezko txirrindulari taldea babestuko du. Diru-laguntza 10.000 eurokoa izango da (2022an baino %25 gehiago).
Euskarari dagokionez, Urretxuko Udalak, Zumarragakoarekin eta Zintzo Mintzo elkartearekin batera, euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa martxan jarriko du.
Bukatzeko, auzoetan hainbat hobekuntza egingo dira. Hobekuntza horiek bizilagunekin adostu dira: San Martin auzoko asfaltatzearen bigarren fasea (46.000 euro), Aparizio auzoko berrurbanizazioaren amaiera (80.000 euro), Mundo Mejorreko aparkaleku berria (150.000 euro), Gurutze auzoko haur parkea (30.000 euro), Labeaga 2ko eta Nekolalde 1, 3, 5 eta 7ko espaloien berritzea (40.000 euro), argiteriaren berritzea (40.000 euro)…