Papa Lok (Niomre, Senegal, 1986) hamar urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian. Osasun zentroetako materiala bere jaioterriko ospitalera bidali behar du.
Zer egiten zenuen Senegalan Euskal Herrira etorri aurretik?
Frantsesa ikasten nuen. Ikastea ez nuen gustuko. Ikasketak utzi ondoren, okina izan nintzen. Bilbon bizi den nire osabaren bitartez bisa lortu nuen eta hona etorri nintzen. Nire osabak urte asko daramatza Bilbon.
Nolatan heldu zinen Zumarragara?
Bilbon bizi nitzen. Kale saltzailea nintzen. Bilbon urtebete inguru neramanean, 2010ean, Zumarragako jaietara etorri nintzen saltzera. Euskadi plazan Begoña Aseginolaza urretxuarra ezagutu nuen eta ea non lo egin behar nuen galdetu zidan. Kalean lo egin behar nuela esan nion eta bere etxera joatea eskaini zidan. Sekulako sustoa hartu nuen. Hasieran polizia-edo izango zela pentsatu nuen. Azkenean Begoñaren eta Javi Etxanizen etxera joan nintzen. Hurrengo egunean beraiekin gosaldu nuen eta beraien etxean lo egiten jarraitu nuen, jaiak amaitu ziren arte.
Zer esan zizun zure osabak Bilbora itzuli zinenean?
Familia euskaldun baten etxean lo egin nuela esan nion eta ez zidan sinistu. Osabaren autoa hartu genuen, hona etorri ginen eta Begoña aurkeztu nion. Begoñak ez dit laguntzeari utzi. Hemen lan egiten nuenez, etxe bat bilatzen lagundu zidan. Jose Mari Lasa etxea ikustera joan ginen egunean hil zela gogoratzen dut. Izan ere, etxea ikusten ari ginela, Begoñari deitu zioten Jose Mari hil zela esateko. Begoñak asko lagundu dit. Alokairuko dirua aurreratzen zuen eta agiriak lortzen lagundu zidan. Lortu nituenean, Guillermo tapiztegian lan egiten hasi nintzen. 2014tik bertan lan egiten dut.
Zer esaten dizu osabak?
Zorte handia izan dudala. Nik ez dela zorte kontua bakarrik esaten diot. Mundu guztiarekin ondo moldatzen jakin behar da.
Zure gurasoak Senegalen bizi al dira?
Aita ere migratzailea izan zen. Ez nuen ezagutu. 1999an hil zen, Frantzian. Nik ez nuen aita bezala bizi nahi. Nik emaztearekin eta seme-alabekin bizi nahi nuen eta lortu dut. Agiriak lortu bezain laster, emaztea ekarri nuen. Nire seme-alabek Gainzuri ikastetxean ikasten dute eta etorkizunean mediku, alkate… izan daitezke.
Zuk zortea izan duzu, baina zure herrikide batzuk ez dute horrenbeste zorte.
Urretxuko eta Zumarragako jende askok lagundu dit. Ezin naiz kexatu. Nik txiroa izateari utzi diot, baina nire herrikide asko txirotasunean bizi dira. Nire jaioterriko ospitalearen eta Zumarragakoaren artean sekulako aldea dago. Begoña medikua da eta nire herriko ospitalean egon ginen. Hango beharrak ikusi genituen eta Zumarragako ospitalean zaharkituta gelditu diren gauzak bertara bidali behar ditugu. Ospitalekoek asko lagundu didate. Izan ere, urtero Baltasar erregearen rola egiten dut ospitaleko haurrentzat. Euskadiko senegaldarron elkartearen bitartez egin dut eskaera. Zumarragako alkateak ospitalean eta inguruko anbulatorioetan eman dizkiguten gauzak gordetzeko tokia utzi digu. Zumarragako Udalak bidalketa egiteko diru laguntza ere emango digu.
Urretxura eta Zumarragara oso ondo egokitu zara. Ezizena ere baduzu.
Pablo deitzen didate. Hemen aurkitu dudana, ez dut beste inon aurkituko: mundu guztiak ezagutzen nau. Ezin dut herri hoberik aurkitu. Ezin naiz kexatu. Gainera, bi herri hauetan migratzaileei asko laguntzen zaie. Ez dira atzean uzten. Pandemia garaian, Gurutze Gorriak janaria ematen zidan senegaldarren artean banatzeko eta kalean saltzeko baimenak eman zizkieten.
Aurrera egitea ez da erraza, ordea.
Geroz eta senegaldar gehiago daude Urretxun eta Zumarragan. Dagoeneko, kontua galdu dut. Afrikar askok Europan dirua zuhaitzetatik ateratzen dela uste dute. Oporretan Senegalera joaten naiz eta Europan gauzak oso zailak direla esaten diet, baina ez didate sinesten. Iristen direnean konturatzen dira.
Ze egoera bizi da Senegalen?
Han bizi den egoeraren arduradunak politikariak dira. Geroz eta okerrago daude. Han ez dago gizarte segurantzarik, adibidez. Edozer gauza egiteko, ordaindu egin behar da. Hori dela eta, nire herrikideei lagundu nahi diet.
Sarritan joaten al zarete Senegalera?
Ama han bizi da eta urtero joaten gara, oporretan. Hamabost egun ematen ditugu bertan, seme-alabek beraien jatorria non dagoen eta nolakoa den ezagutu dezaten.
Aisialdian zer egiten duzue?
Ez dugu denbora libre asko. Emaztea helduen eskolara joaten da eta ni gidatzeko baimena lortzeko ikasten ari naiz.