Xabier Zaldua eta Julen Aranberri aizkolari zumarragarrek parte hartuko dute, besteak beste
Urretxu Zumarraga Herri Kirol Elkarteak Santa Lutzi eguneko jaialdian parte hartuko duten kirolarien berri eman du. Jaialdia 12:30ean izango da, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Sarrera doan izango da. Xabier Zaldua zumarragarra eta Hodei Ezpeleta, Julen Aranberri zumarragarraren eta Mikel Larrañagaren aurka lehiatuko dira aizkorarekin. Jaialdian Irati Astondoa eta Maika Ariztegi aizkolariek eta Olaia Esnaola, Aroa Sanchez, Imanol Lartain eta Joseba Ostolaza harrijasotzaileek ere parte hartuko dute. Nola lehiatuko diren erabaki bezain laster, horren berri emango dute.
Bestalde, Santa Lutzi eguneko arratsaldean Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako finala jokatuko da Zumarragako plazan. 18:00etan hasiko da. Hiru idi pare lehiatuko dira: Asier Izagirre Ipeñarrietarenak, Egoitz Armaolearenak eta Iker Zubillaga Igeldorenak.