Aurtengo txistu kontzertua abenduaren 17an izango da
Urteroko moduan, Antxiñako Ama txistulari taldeak kontzertua antolatu du Gabonetarako. Abenduaren 17an izango da, 19:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Beti bezala, “ilusio handiz” prestatu dute kontzertua. “Zumarragako txistu kontzertua gozamenaren gune bihurtu nahi dugu. Horretarako, beste behin ere, erabat berria izango den kontzertua aurkeztuko dugu. Lagun artean izango da aurtengo kontzertuaren leloa. Asko izan dira gure bidelagunak musikaren ibilbidean. Aurtengoan Goiargi abesbatzari keinu bat egingo diogu: herritarrekin, herriarekin, lotura eta harreman estua izan dute eta musikaren alde maitasunez eta mimoz lan egin dute. Hori guztia goraipatu nahi dugu”, azaldu dute.
Ekitaldian zehar, dantzariak, abeslari bakarlariak eta instrumentu jotzaile ezberdinak arituko dira. “Soinuak eta erritmoak uztartuz, musikaren magiaz gozatzeko aukera izango dugu. Proiektu hau gauzatzeko elkarlana funtsezkoa izan da. Elkartzea erronka izan da, baina elkarrekin lan egitea plazerra. Abenduaren 17an 19:30ean Beloki pilotalekuan eskainiko dugun kontzertuaz gozatzera animatu nahi zaituztegu. Sarrera librea izango da aforoa bete arte”.