311 postu jarriko dira Urretxu eta Zumarragako kaleetan
Datorren asteartean pandemiaren ondorengo lehen Santa Lutzi feria ospatuko da Urretxun eta Zumarragan. Urretxun 121 postu egongo dira eta Zumarragan 190. Aurreko edizioan baino gutxiago izango dira. Hamaika ekitaldi ere antolatu da.
Feria asteartean izango da, baina aurreko egunetan ere ekitaldiak egongo dira. Igande eguerdian Zumarragako Euskadi plaza inauguratuko da. 11:30ean herri kirol saioa egingo dute, 13:00etan plaza inauguratuko dute eta ondoren mahai-jokoa alderako pilota partidak jokatuko dira. Gainera, burruntzian erretako txerriarekin egindako 1.500 pintxo banatuko dituzte.
Egun berean, 19:00etan, Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Maialen Lujanbiok, Sustrai Colinak, Txaber Altubek eta Amaia Iturriotz urretxuarrak abestuko dute.
Astelehenean, berriz, Arabako Errioxako ardo azoka eta dastaketa egingo dituzte Urretxun. Azoka 18:00etatik 21:00etara izango da, Iparragirre plazan. Dastaketa 19:00etan izango da, udaletxeko portaloian. Dastaketarako tiketak bihar eta etzi jarriko dira salgai, kultur etxean, 5 euroan.
Santa Lutzi eguneko ekitaldiei dagokienez, 08:00etan ganadu feria eta nekazaritzako tresneriena irekiko dira Urdaneta hiribidean eta La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan. 09:00etan gainontzeko azokak irekiko dira: fruta, barazkiak eta errezil sagarrak Euskadi plazan eta Gernikako Arbola plazan, eskulanak Urretxuko Iparragirre kalean eta Zumarragako Euskadi plazan eta Zelai Arizti pilotalekuan, ardo azoka Iparragirre plazan eta oilasko, kapoi eta ezti lehiaketak Areizaga-Kalebarren plazan. Toki berean, 13:30ean, fruta, barazki, errezil sagar, ezti eta ganadu sariketetako sariak banatuko dira.
Beti bezala, musika ere ez da faltako. 09:00etan Urretxuko Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iratzarri taldeko dultzaineroek kalejira egingo dute. 10:30etik 12:30era, berriz, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariek kalejira egingo dute bi herrietan. Musikariekin bukatzeko, 11:30etik aurrera Zumarragako musika bandakoak eta Antxiñako Ama txistulari taldekoak izango dira kalejira egingo dutenak.
Kirol ekitaldiei dagokionez, 12:30ean herri kirol jaialdia egongo da Ederrena pilotalekuan eta 17:30etik aurrera profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira toki berean.
Gainera, 13:30ean artzain txakur erakustaldia egingo dute Zubimusu plazan (aurtengo ardiekin izango da) eta 18:00etan Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako finala jokatuko da Zumarragako plazan. Iker Zubillaga Igeldoren, Egoitz Armaolearen eta Asier Izagirre Ipeñarrietaren idiek parte hartuko dute.
Bi udalek herritar eta bisitarien parte hartzea sustatzen duten ekitaldiak ere antolatu dituzte: argazki rallya eta Non dago Wally? jolasa, hain zuzen ere. Argazki rallyan parte hartu nahi dutenek, egunean bertan eman beharko dute izena: 09:00etatik 10:00etara, Urretxuko udaletxean. Non dago Wally jolasari dagokionez, Wally eta bere hiru lagunak aurkitu eta argazkia ateratzen dietenek feriako produktuen zozketan parte hartuko dute.
Feria gaur aurkeztu dute, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak parte hartu dute. Biek feria bisitatzera eta erosketak egitera animatu dute jendea. «Aurrez aurreko erosketa bultzatu behar da. Santa Lutzi ferian ekoizleen eta erosleen arteko harremana zuzena da eta erosleak erosi behar duen produktuaren istorioa ezagutzeko aukera du», esan du Fidalgok. Serranok bisitariei garraio publikoa erabiltzeko eskatu die.