Urretxun Bizi Gara harrera eskolan parte hartu dutenei diplomak eman dizkiete. Harrera eskolal udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatzen du, Urretxura heldu berriek herria eta bertako zerbitzuak ezagutu ditzaten.
Aurtengo edizioa bederatzigarrena izan da. Diploma banaketa ostiralean izan zen. 11 bizilagun graduatu ziren, baina 16k parte hartu dute saioetan: 19 eta 69 urte bitarteko zazpi gizon eta bederatzi emakume. Parte hartzaileek Peru, Honduras, Kolonbia, Nikaragua, Senegal, Nigeria, Ekuatore Ginea, Pakistan eta Maroko ordezkatu dituzte.
Harrera eskola irailaren 23an hasi zen eta azaroaren 15ean bukatu. Astean bitan elkartu dira eta 40 eskola ordu jaso dituzte. Hitzaldiak, txangoak, bisitak… egin dituzte. Aurreko edizioetan bezala, teknikariekin eta bizilagunekin historiaz, kulturaz, enpleguaz, etxebizitzaz, hezkuntzaz, hizkuntzaz, osasunaz… hitz egin dute.