Sei taldek osatzen dute aurten jaialdiko kartela. Hiru Goierrikoak bertakoak dira. Urretxuko eta Zumarragako gaztetxean izango da, 18:30ean hasita
Hezurre Fest musika jaialdia antolatu du Hezurre Eskifaia taldeak biharko. Zortzigarren ekinaldia izango du eta Urretxuko eta Zumarragako gaztetxean egingo da, 18:30ean hasita. Sei taldek osatzen dute aurtengo egitaraua, horietatik hiru goierritarrak —bi Urretxu eta Zumarraga bertakoak eta bat Beasaingoa—. Musikari dagokionean eskaintza zabala izango dela aurreratu du Jon Ayuso Hezurre Eskifaiako kideak: «Metal, hard core eta rock&roll doinuak izango dira entzungai». Urretxu eta Zumarragako Hopelessness taldeak, gainera, disko berria aurkeztuko du biharko jaialdian.
Hezurra Fest jaialdia Mutamu Urretxuko eta Zumarragako musika taldeen kolektiboaren ekimenez sortu zen 2014an. Hasiera hartan, herrian egiten zen musikaren erakusleiho izateko helburuz jaio bazen ere, urteak aurrera egin ahala «herritik kanpoko taldeak» ekartzeko aitzakia bihurtu da Hezurre Fest. Batez ere, metal eta hard core musika egiten duten taldeen topaleku izan ohi da jaialdia, nahiz eta «punkya edo rock&rolla» jorratzen dituzten taldeak ere badauden gonbidatuen artean.
Urguluken zuzenekoa
Biharko jaialdian taula gainean arituko diren taldeak Pot (Bizkaia), Urguluk (Beasain), Hopelessness (Urretxu eta Zumarraga), Bullet of misery (Gernika, Bizkaia) Tzar (Hondarribi) —kideetako bat lazkaotarra da— eta Brumadensa (Urretxu eta Zumarraga) izango dira. Orokorrean, guztiek hard core eta metal musika egiten badute ere, «elkarren artean ezberdinak» direla esan du Ayusok eta «denetarik pixka bat» entzuteko aukera egongo dela. «Death metal, metal melodikoagoa edo rural metal» bezalako estiloak nahastuko dira, «estilo gogorrenetik hasita melodikoagoetaraino», esan du Ayusok. Urguluk beasaindarren jendaurreko lehendabiziko kontzertua izango da biharkoa eta antolatzaileentzat ere «sorpresa» izango dela aurreratu dute. Tzar talde bizkaitarrak, bere aldetik «punk-rock doinuak ekarriko ditu, stoner ukituekin».
Gaztetxea betetzeko asmoz
Jaialdiari 18:30ean emango diote hasiera gaztetxean eta goizaldeko ordubata inguruan amaituko dela aurreikusten dute. 20:30 inguruan afaltzeko pintxoak ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. «Orain arteko jaialdietan atsedenaldia egin izan dugu arratsaldeko eta gaueko emanaldien artean. Oraingo honetan dena jarraian egingo dugu, eta pintxoak eskainiko ditugu jendea bertan gera dadin», azaldu du Ayusok.