Atzo arratsaldean Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egin zuten Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Txaber Altube eta Amaia Iturriotz aritu ziren kantuan. Jende asko gerturatu zen saioa entzutera, eta igandeko Txapelketa Nagusiko finalaren zain, gozatu ederra hartu zuten entzuleek.
Saio bizia izan zen. Denetik izan zuen, ofizioak, bakarkakoak nahiz ariketa bereziak. Hasieratik bukaerara saio ona izan zela nabarmendu zuten bertaratutakoek, eta bertsolariak ere gustura zeuden saioaren ostean. Seriotik zein umoretik kantatu zuen laukoteak, eta entzuleek txaloz eskertu zuten bertsolariek kantatutako ale bakoitza. Saioak goia jo zuen amaiera aldera, bertsolariak ataka estuan jarri zituen Trivial ariketan bereziki.
Antolatzaileak ere gustura agertu ziren. Haien hitzetan, “sekulako zortea da Txapelketa Nagusiaren finalaren aurreko astean finalean kantari arituko diren bi bertsolari gurean izatea. Amaia eta Txaberrekin puntako laukotea osatu dute, eta begi bistakoa da entzuleek gozatu ederra hartu dutela”.