Urdaneta kaleko ganadu gunean 186 buru daude ikusgai eta salgai. Goizak aurrera egin ahala, jende gehiago ikusten da kalean.
Goizean goiz esnatu dira gaur Urretxu eta Zumarraga, urteko jairik esanguratsuena ospatzeko. Santa Lutzia eguna da, eta bi urteko etenaren ondoren, bueltan da feria erraldoia. Horrek eskaintzen duenak erakarrita, herrietako kaleak eta plazak jendez betetzen hasi dira, bertakoak gehienak, baina baita kanpotar ugari ere.
Zumarragako Urdaneta kalean egokitutako ganadu feria izaten da Santa Lutzi egun honetako atrakziorik handienetakoa, eta gaur ez du hutsi egin zentzu horretan, nahiz eta beste urteetan baino abere gutxiago ikusi diren bertan. Goizeko 10etan eman dituzten datuen arabera, 23 zaldi, 34 moxal, 59 behor, 12 pottoka, 20 asto, mando bat, 35 ahuntz eta bi poni jarri dituzte ikusgai eta salgai, guztira 186 buru. Salmentei dagokienez, bakarrik bi astoren salmentaren berri jaso dute.
Feriak, bestela, ohiko osagaiak ditu, eta barazkiak eta frutak, taloak, odolkiak, gozo kontuak, gazta, eztia, ardoa, patea edo ogia erosteko aukera eskaintzen du, baita kinkileroek eta artisauek eskaintzen duten produktu aukera zabaletik ere. Arropa saltzaileak ere ez dira falta, eta nekazaritza tresnak eta traktoreak ere ez.
Baina batez ere, giro ona da goizeko protagonista. Txistulariak eta bestelako musikariak arduratzen dira musikarekin kaleak girotzeaz, eta goizak aurrera egin ahala ugaritzen ari den jendea ere bai.