Gaur (ostirala) eta bihar (larunbata) Asteburu Magikoa ospatuko da, Bi-Tartean merkatari elkartearen eskutik. Hasteko, Olentzero eta Mari Domingi erraldoiak jarri dira Areizaga-Kalebarrenen. Lehenengoz, Olentzero Mari Domingirekin dago. Mari Domingiren panpin erraldoia Mikel Ibarzabalek egin du (azpian ageri da, Gotzon Aranburuk ateratako argazkian). 17:30etik 19:30era, haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute.
Haurrei ateratako argazkiak dendetako erakusleihoetan jarriko dira. Haurrek beraien argazkiak bilatu beharko dituzte eta dendariek beraien argazkiak oparituko dizkiete.
Gaur arratsalderako beste lau ekitaldi antolatu dira: 18:30etik 20:30era Zirkun Zirkok kalejira egingo du, 18:00etatik 20:00etara Asier Kidamek magia ikuskizuna egingo du bi herrietako toki ezberdinetan, 18:00etatik 21:00etara txu-txu trenean ibiltzeko aukera egongo da (geltokia Elizkalen egongo da) eta 19:00etatik 21:00etara Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak geltokiko pintxo-potea girotuko du.
Larunbaterako beste bi ekitaldi antolatu dira. 11:00etatik 14:00etara haurrentzako jolasak egongo dira Gernikako Arbola plazan eta 14:00etan 100 euroko bost erosketa bale zozkatuko dira Areizaga-Kalebarrenen. Zozketa honetan Olentzeroren eta Mari Domingiren zakuan 10 euroko erosketa tiketak sartzen dituztenek parte hartuko dute.
Ekintzetan guztietan parte hartzen dutenei txokolate beroa, gaztainak eta Hugo eta Eusebioren atrakzioetan jolasteko txartelak emango dizkiete. Gainera, turismo bulegoak esperientzia magikoak zozkatuko ditu Areizaga-Kalebarrenen.