Kirolzalek pilota txapelketa herrikoiaren 11. edizioa antolatu du. Lehen partidak urtarrilaren 14an jokatuko dira. Lehen fasea ligaxka moduan jokatuko da eta bikoteek hiru mailatan banatuta parte hartuko dute. Bigarren fasean kanporaketak jokatuko dira. Bigarren fase horretan, bikote guztiek nahastuta jokatuko dute.
Lehen mailako ligaxkan bederatzi bikotek parte hartuko dute, bigarren mailakoan bost bikotek (ligaxkan azken sailkatzen dena kaleratua izango da) eta hirugarren mailan 12 bikotek. 12 bikote horiek hiru taldetan banatuta jokatuko dute eta talde bakoitzeko azkena kaleratua izango da.
Denentzako moduko txapelketa antolatu nahi izan dute. Onenek luzitzeko aukera edukiko dute, baina aldi berean jokatzeko prest dauden guztiei babesa eskainiko zaie, hasieran bere mailakoekin bakarrik jokatuko baitute.
Partidak 18 tantora jokatuko dira. Irabazleek bi puntu eskuratuko dituzte, galtzaileek puntu bat eta aurkezten ez direnek ez dute punturik jasoko. Berandu azaltzen direnek, minutu bakoitzeko tantu bat galduko dute. Ez da 10 minutu baino gehiagoko atzerapena onartuko. Sakea hirugarren koadrotik hirugarren koadrora izango da.
Final laurdenak arte, partidak larunbat goizetan jokatuko dira. Eguna aldatzea posible izango da, beti ere aurkariak prest badaude. Partidaren eguna aldatzeko azken eguna asteazkena izango da. Finalerdiak eta finala Goñiren omenezko txapelketako partiden aurretik jokatuko dira: asteazkenetan.
Lehen fasea urtarrilaren 14tik otsailaren 11ra jokatuko da, final hogeitamabirenak otsailaren 18an jokatuko dira, final hamaseirenak otsailaren 25ean, final zortzirenak martxoaren 4an, final laurdenak martxoaren 11n, lehen finalerdia martxoaren 22an, bigarren finalerdia martxoaren 29an eta finala apirilaren 5ean.
Babesle nagusia Zuzen zerbitzu grafikoak da eta txapelketa Zumarragako Udalaren kolaborazioarekin antolatu dute.