Endika Altzelai zumarragarrak testu bat errezitatuko du, Muevete por los que no pueden elkartearen izenean eta herritarrek ikerketarako diru-laguntza emateko aukera dute
Abenduaren 30ean, 20:15ean, Jon Maiak Kantu bat gara kontzertua egingo du Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Maiak beste musikari batzuentzat idatzi dituen kantak abestuko ditu. Berarekin joko duten musikarien artean Gorka Hermosa egongo da. Kontzertua gaixotasun arraroen alde izango da. Hala, Endika Altzelaik, Muevete por los que no pueden elkartea ordezkatuz, testu bat irakurriko du. Gainera, herritarrek diru-laguntza emateko aukera dute. Dirua La Caixaren ES79 2100 0615 8402 0041 8281 kontuan sartu behar dute.
Altzelairen alabak, Erinek, Ehlers-Danlos baskularra du. Gaitz honek bere sistema baskularreko kolagenoari eragiten dio.
Altzelaik eta Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin dute gaur arratsaldean hilaren 30eko kontzertuaren izaera solidarioa ezagutzera emateko.
Serranok udalak Muevete por los que no pueden elkarteari 5.000 euro eman dizkiola azaldu du. 5.000 euro horiek ikerketa beketara bideratuko ditu. Elkarteak urtarrilean emango du ezagutzera bere beken eskutik ze gaixotasun arraro ikertuko diren. Martxoan gala bat egingo da.
Alkateak Maiari eskerrak eman dizkio, kontzertua gaixotasun arraroak ikusarazteko erabiltzea baimendu duelako. Eta herritarrak kontzertura joatea eta diru-laguntzak ematera animatu ditu.
Altzelaik 7.000 gaixotasun arraro baino gehiago daudela eta beste askok oraindik ez dutela diagnostikorik esan du. “Muevete por los que no pueden gaixotasun hori dutenek eta beraien senitartekoek osatzen dute. Helburua gaixotasun horiek ezagutzera ematea eta ikertzea da”. Erakundeei osasunean inbertitzeko eskatu die.
Horretaz gain, Zumarragako Udalari, Serranori eta Maiari eskerrak eman dizkie. “Jonentzat eta biontzat kontzertua oso berezia izango da: solidarioa delako eta lagunak garelako. Mikelek, Jonek eta hirurok elkarrekin ikasi genuen ikastolan. Jonek kontzertuan parte hartzera gonbidatu nau eta eskertzekoa da. Gorka Hermosa ere ez dut ahaztu nahi, elkarrekin eman baikenituen lehen pausoak musika munduan”.