Amaia Urdangarinen ama Argixao adinekoen egoitzan dago. Asteartean Urdangarinek kontzertua egingo du bertan, Aitor eta Elene seme-alabekin eta Eli Mendiaraz piano-jotzailearekin.
Datozen egunetan kontzertu asko egongo dira Goierrin, Gabonak direla eta. Berezienetako bat Amaia Urdangarinek, bere seme-alabek (Aitor eta Elene Andolak) eta Eli Mendiarazek egingo dutena da. Amaiaren ama, Aitor eta Eleneren amama, Zumarragako Argixao adinekoen egoitzan dago eta bertan joko dute, Justina Lasa amamarentzat eta gainontzeko egoiliarrentzat. Kontzertua datorren asteartean izango da, 17:00etan.
Amaiak abestu egingo du eta pianoa joko du, Mendiak pianoa joko du, Aitorrek klarinetea joko du eta Elenek flauta joko du. 11 abesti joko dituzte: Aria (Haendel), Fascination (Marchetti), Haurtxoa seaskan (Olaizola), Arioso (Bach), Nella Fantasia (Morricone), El lago de Como (Galos), O mio bambino caro (Puccini), Adios muchachos (Sanders), Xalbadorren heriotzean (Lete), Noche de paz (Mohr) eta Adeste fideles.
Bai musikarientzat eta bai egoiliarrentzat, oso kontzertu berezia izango da. Bereziki, Justina, Amaia, Aitor eta Elenerentzat, noski. Oso familia musikazalea da. Amaiaren aitaren aldeko amonak, Justa Lazarok, piano ikasketak egin zituen.
Amaiak bere amonaren pianoarekin ikasi zuen pianoa jotzen. «Urte asko daramatzat musika munduan. Herrian hasi nintzen, Mila Osinalderekin, 7 urterekin. Pianoa ikasten hasi nintzen. Ondoren, Donostiako kontserbatoriora joan nintzen. Han bukatu nuen karrera. Bilboko kontserbatorioan ikasketak osatu ondoren, Bergarako musika eskolan lan egiten hasi nintzen. 35 urte daramatzat bertan».
Bergaran, eskolak emateaz gain, kantua ikasi du. «20 urte daramatzat kantua ikasten. Horren eskutik, musikaletan abesten hasi nintzen. Izan ere, Bergaran musikalak egiten ditugu. Duela gutxi Afrika izenekoa egin dugu. Lehenago, Miserableak, Alizia, Peter Pan… egin genituen. Egun Bretxa egiten ari gara, baina horretan ez dut parte hartu».
Seme-alabek ere musika ikastea nahi zuen eta lortu zuen. «Biek Zumarragako musika bandan jotzen dute eta horrek asko pozten nau. Ikastolako ikasketek eta musika eskolakoek garrantzi berbera dutela esaten nien. Batzuetan beraien atzetik ibili behar izaten nintzen entseatu zezaten, baina musika zaletasuna berezkoa dute. Aitor klarinetearekin eta pianoarekin hasi zen eta beti atzetik ibiltzen nintzen. Gehiegizkoa zenez, pianoa utzi egin zuen eta klarinetearekin jarraitu zuen. Elenek, berriz, flauta eta trikitixa joten ikasi du. Trikitixa nire senarraren familiaren baserrian jotzen du, batez ere. Gabiriako Gorostartzu Azpikoa baserrikoa da. Gabonetan trikitixa jotzeko eskatzen diote eta sekulako giroa jartzen du. Osinalde elkartera joaten garenean ere, sekulako giroa jartzen du».
Elenek ere musika oso gustuko du. «Beti flauta eta trikitixa jo ditut. Ez dut sekula sentitu bi instrumentu jotzea gehiegizkoa zenik. Beti oso gustura aritu naiz. Duela lau urte musika bandan hasi nintzen. Aitorrek, berriz, 10 urte daramatza musika bandan».
Datorren asteartean Urdangarinek eta bere bi seme-alabek Argixao egoitzan joko dute. «Ama oso gustura dago Argixao adinekoen egoitzan. Osatu zenean, etxera itzultzea eskaini genion eta ez zuen nahi izan. Argixaon jendearekin hartu-eman handiagoa du eta, gainera, egunero joaten gara bera bisitatzera».
Ama zein gustura dagoen ikusita, bertan jotzea erabaki dute. «Nire anaia Josebak proposatu zidan. Ama nire jarraitzaile nagusia da eta adinekoen egoitzan abesteak ilusio handia egiten dio. Urduri dago. Dagoeneko gainontzeko egoiliarrak ere ezagunak ditugu eta beraiei ere poz txiki bat eman nahi diegu», amaitu du Urdangarinek.