Zumarragako Udalak Jai Alai kalea oinezkoentzat erosoagoa eta seguruagoa egingo du. Atzoko osoko bilkuran egitasmoari hasierako onespena eman zion. PSE-EEk alde bozkatu zuen eta EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman zuten.
Aurrekontua 527.000 eurokoa da. Zelai Arizti aretoaren aldean espaloi zabal bat egingo da. Errepidearen maila berean egongo da, baina beste kolore bat izango du. Seguru aski, plazan jarri diren baldosa berberak jarriko dira. Autoei dagokienez, Zelai Ariztiko aparkalekura eta garajeetara doazenak bakarrik sartu ahal izango dira Jai Alai kalera. Gainera, karga eta deskargarako puntuak jarriko dira, autoak oinezkoen tokian sar ez daitezen.
Mikel Serrano alkateak Zumarragak Hiri Osasungarrien Sarearekin bat egin duela eta, horren eskutik, diru-laguntzak lor ditzakeela esan zuen. “Diru-laguntzak daude, oinezkoentzako toki seguruak lortzearen truke. Jai Alai kalea duela 15 urte berritu zen azkenekoz eta dagoeneko egoera txarrean dago”.
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek Jai Alai kaleko obrak ez duela lehentasuna esan zuen. EAJko Josu Idigorasek dirua zuhurtziaz erabili behar dela eta egitasmo hau azken unean aurkeztu dela aipatu zuen. “Ez zaigu aztertzeko aukerarik eman”. EH Bilduko Josu Aztiriak obra ez dela behar bezala arrazoitu aipatu zuen. “Legealdi osoan ez da horren berri eman. Jai Alai kaletik auto eta oinezko asko pasatzen dira eta oinezkoei lehentasuna eman behar zaie, baina beharbada beste era batera egin daiteke”.
Serranok herrian berritze premia duten beste toki batzuk daudela onartu zuen. “Baina beste toki horietan egin behar diren lanek ez dituzte betetzen Hiri Osasungarrien Sareak diru-laguntzak emateko jartzen dituen baldintzak. Gainera, Jai Alai kalekoa oso garrantzitsua da, bertatik La Salle-Legazpiko eta Gainzuriko ikasle asko pasatzen baitira. Egitasmo honen berri lehenago eman ez badugu, ezin izan dugulako da”.
Zumarragako Udalak beste bi egitasmo aurkeztuko ditu Hiru Osasungarrien Sareko diru-laguntza deialdira: Euskal Herria hiribidearen bulebarizazioa eta Legazpi kaleko obra.