Pello Biainek bi kafe filosofiko saio egingo ditu Gabonetan. Lehenengoa ostegun honetan izango da eta bigarrena urtarrilaren 4an. Biak Zumarragako kultur etxean izango dira, 19:00etatik 21:00etara. Kafe filosofikoa pentsatzeko eta hitz egiteko bilera irekia da. Parte hartzaileei gai bat proposatzeko eskatzen zaie eta, proposamenak jaso ondoren, gaietako bat aukeratzen da bozketa bidez.
Hortik aurrera, elkarrizketari ekingo zaio, eta parte hartu nahi duten kideek hitza eskatuko dute. “Baina elkarrizketa solasaldi hutsa izan ez dadin, gidariaren edo moderatzailearen zeregina elkarrizketa filosofikoa dela bermatzea da. Horregatik, bi gauza lantzen dira: pentsamenduen edukia baino gehiago, pentsamenduen forma, eta, baita ere, beste pertsona batzuekin hitz egitean erakusten diren jarrerak”, azaldu du Biainek..
Helburua ez da eztabaida bat irabaztea, baizik eta gai batean sakontzea eta eskaintzen dituen ikuspegiak eta dituen arazoak ikustea. “Parte hartzaileek adierazten dituzten iritzietatik abiatuta, adibidez, honako aspektuak zaintzen dira: ideien argitasuna, argudiatzea, iritzi desberdinak edo kontrakoak alderatzea, balizko kontraesanak, iritzien azpian dauden suposizio eta sinesmenak, ideia abstraktuen kasuan adibide zehatzak bilatzea edo, alderantziz, adibide jakin bat adierazteko balioko duen ideia bilatzea, eta beste batzuekin hitz egitean agertzen diren erreakzioak. Horregatik, kafe filosofikoak pertsonaren alderdi indibiduala eta soziala batzen ditu. Alde batetik, nork bere burua taldean ezagutzeko ariketa da, eta, bestetik, demokraziari dagokion herritartasun ariketa”.