Antioko baselizari ermiten katedrala deitzen diote, baina ez da beti hala izan. Bere edertasuna ezkutuan zegoen, 1970eko hamarkada erdialdeko zaharberritzean argitara atera zuten arte.
Antio ermiten katedrala dela esan ohi da, baina hori ez da beti hala izan. 1970eko hamarkadan berreskuratu zuen bere jatorrizko itxura, itsatsitako elementuak kendu eta zaharberritu zutenean. Aurki 50 urte beteko dira obra hura egin zenetik.
Jose Roman Urkiolak eta Ascensio Uribesalgok ondo ezagutzen duten baseliza nolakoa zen eta zaharberritzea zein neketsua izan zen, ordurako Antioko Lagunen Elkarteko kideak baitziren. «Habe bat okertzen ari zen eta horma bat mugitzen ari zen. Hori konpontzeko, bi zutabe berri jarri ziren. Bobeda ere egoera txarrean zegoen. Arkitektoek, bobedak ezkutatzen zuen egurrezko egitura ikusi zutenean, bobeda kentzea erabaki zuten. Erretaula, pulpitua eta aldareak ere kendu egin ziren. Erretaula elizbarrutiaren museoan dago. Horretaz gain, paretetako pintura kendu zen eta harria azalera atera zen. Zorionez, gehikuntza guztiak baselizaren jatorrizko izaera mantenduz egin ziren: sekula ez zen ezer suntsitu. Horri esker, jatorrizko itxura berreskuratu ahal izan genuen», azaldu du Urkiolak.
Kanpoaldeari dagokionez, baselizak seroraren etxea itsatsita zuen. Hori ere kendu egin zen. «Seroraren etxean udalak balkoi bat zuen. Santa Isabel egunean, Pazko egunean… bertan bazkaltzen eta meriendatzen zuten. Bestalde, Landaburura ematen duen aldean sakristia zegoen. Egungo ate txikitik sartzen zen bertara. Sakristia eskailera azpira pasa genuen».
Uribesalgok baselizak su hartu ez izana miraria dela dio. «Seroraren etxean sua piztuta egoten zen egun guztian». Izan ere, seroraren etxea taberna ere bazen.
Obra 1975-1976an egin zen eta lan hura bultzatu zutenei eskerrak eman nahi dizkiete. «Domingo Irigoien parrokoa izan zen egitasmoaren alma materra. Felix Mendia Antioko Lagunen Elkarteko lehendakariaren lana ere aipatzekoa da. Arkitektoak Urkola eta Irizar izan ziren, donostiarrak».
Obrak sei milioi pezetako aurrekontua zuen. «Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalari eskatu zioten mailegua. Jose Mari Inaraja zen garai hartan sukurtsaleko zuzendaria. Antioko Lagunen Elkarteko zuzendaritzakoek, beraien etxebizitzak jarri zituzten abal bezala».
Txanpon bilduma
Mailegua ordaintzeko arazoak zituzten eta ministro bati laguntza eskatu zioten. «Ricardo de la Cierva Kultura eta Turismo ministroa Donostiara etorri zen eta UCDko kide batek, Lozanok, Antiora ekarri zuen. Baseliza asko gustatu zitzaion, Arkaitzetan jana eta edana eman genizkion… eta arazoa konponduko zuela esan zuen. Sei milioi al dira arazoa? Asteartean behar duzuen dirua kontu korrontean izango duzue, esan zuen».
Parrokoak ere borondate ona erakutsi zuela gogoratzen dute. «Txanpon bilduma zuen eta, aurrezki kutxak inori etxebizitza kendu aurretik, saldu egingo zuela esan zuen».
1970 hamarkada erdialdeko obra hura Antion egin den handiena da, baina ordutik lan asko egin dira. «Garai batean toki ezberdinetatik ekarritako aulkiak zeuden. Zortzi bat aulki ezberdin zeuden». Aulki berriak ekarri ziren, argiteria ere berritu zen… Aurki, argiteria berritu behar da berriro eta egurraren tratamendua egin.