Azken bi urteetan, ia ez da mendi lasterketetan lehiatu Ainhoa Sanz. Lesioak izan dira haren gurutze bidea azken boladan, eta haiek ahaztu nahian dabil duela sei hilabetetik. Gogoz dago 2019an egin zuen denboraldiaren gisako bat berriz egiteko.
Kroseko denboraldi bete-betean dabil Ainhoa Sanz mendi korrikalaria (Urretxu, Gipuzkoa, 1989) azken hilabete eta erdian, eta tunelaren amaieran argi izpiak ikusten hasia da. Mendi lasterketez hitz egiten hastean, garai bateko oroitzapenak etortzen zaizkio burura Sanzi. Etorkizunera begira, oraindik ez du azken hitza esan.
Lesioek ez dizute asko lagundu azken urteetan. Gaur egun zer moduz zaude?
Konfinamenduaz geroztik, ez dut bururik altxatu! Lehenik, gerriko arazo batzuengatik, ez nuen ondo zapaltzen, eta horrek oin zolako faszitis bat sortu zidan. Gero, iskioko arazo batzuekin hasi nintzen, eta, ondoren, Bakerren kiste bat izan nuen belaun atzean. Traumatologoak esaten zidan horrekin bizitzen ikasi behar nuela! Oinez ibiltzeko ere arazoak nituen. Denetik probatu nuen: fisio eta tratamendu ezberdinak, barne zola berriak… Azkenean, Mikel Sanchezengana jo behar izan nuen, Gasteizera. Xiringa batekin bertan neukan likidoa atera zidan. Hor amaitu ziren amesgaiztoak. Denera sei hilabete eman nituen geldirik.
Oraindik ere oinazeekin jarraitzen al duzu?
Egunak ditut. Batzuetan, ondo jaikitzen naiz, baina, beste batzuetan, ederki gogoratzen naiz bezperan egindako entrenamenduaz. Nabaritzen dut gorputza ez duela ondo errekuperatzen. Gaur egun, ordu eta erdiko lan batetik pasatzen banaiz, asko igartzen dut: ez noa ondo. Handik aurrera egindako lanagatik hustuta amaitzen dut. Lehen, aldiz, bi edo hiru ordu igaro nitzakeen ezer jan eta edan gabe. Orain gutxi, nutrizionista batekin hasteko hautua egin dut, ea zerbait hobetu dezakedan alde horretatik. Gorputza bere onera ekarri nahi dut, eta horretarako urte bat, bi edo hiru behar baditut, ez da ezer pasatuko. Aurtengo urtea trantsizio moduan hartu nahi dut.
Kroseko denboraldian lehiatzen hasi zara, behintzat.
Bai, lasterketa egunerako gordetzen ditut nire indar guztiak! Oraingoz, Amorebietakoa [Bizkaia], Lasartekoa [Gipuzkoa], Arratekoa [Eibar, Gipuzkoa] eta Atapuercakoa [Burgos, Espainia] korritu ditut. Ez naiz denetan ondo sentitu, baina erretiratu ere ez naiz egin. Abiaduraz apal nabil, baina indarrak salbatzen nau. Hori bai, hurrengo egunetan lanak izaten ditut! Abduktoreak asko kargatzen zaizkit, eta oraindik ez dakit zergatik den. Osasun proba asko egiten ari naiz azkenaldian, horrelako arazoren batengatik den jakiteko. COVID-19a ere pasatu nuen, eta hartatik osatzea ere asko kostatu zait.
Gauzei buelta asko eman al dizkiezu denbora honetan?
Lehen lesio haiekin, bai. Korrika egin nahi nuen, baita besteko gauzak ere… Baina ondorengo lesio hauek banekien denbora beharko zutela. Ondo errekuperatu behar nuela argi neukan; bestela, beti azaltzen dira berriro, eta hori psikologikoki gogorragoa izaten da. Gauzak lasaixeago hartzen saiatu naiz, eta gauza ezberdinak egin ditut: esaterako, bizikletan ibili eta igeri egin.
Gaur egun nola ari zara entrenatzen?
Astean bi egunez mendira joaten naiz korrika egitera; baina, horrez gain, gauza ezberdin asko egiten ari naiz: esaterako, lasterketarako teknika. Lehen inoiz ez nuen lantzen, denbora galtzea zela pentsatzen nuelako. Alde horretatik asko hobetu dut. Besoak ondo erabiltzen ikasten ari naiz, koordinazioa lantzen… Txikitan egin gabeko gauza guztiak egiten ari naiz orain. Ez naiz amore azkar ematen duten horietakoa.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.