Gabonetan bi kafe filosofiko saio egin dituzte Zumarragako kultur etxean. Familiari eta demokraziari buruz hausnartu dute, Pello Biain filosofia irakaslearen gidaritzapean.
Tabernarientzat geroz eta zailagoa da kafe bat zerbitzatzea. Izan ere, bakoitzak era batera nahi du: kafesnea, ebakia, esnearekin, soja zukuarekin, almendra zukuarekin, azukrearekin, sakarinarekin, beroa, epela… Pello Biaini eta bere lagunei kafea filosofiarekin gustatzen zaie. Tabernarien zorionerako, kafea Zumarragako kultur etxeko makinan eskuratzen dute eta filosofia beraiek jartzen dute. Zer atseginago eta aberasgarriago lagun giroan bizitzako gai potoloei buruz hausnartzea baino?
Urteko azken bi saioak
Egitasmo hori Pello Biain filosofia irakasleak jarri zuen abian. Zortzi bat saio antolatzen ditu urtean: bi Gabonetan, hiru ekainean eta beste hiru uztailean. Azken biak abenduaren 30ean eta urtarrilaren 4an izan ziren. Abenduaren 30ean Zer da familia? galderari erantzun zioten eta urtarrilaren 4an, berriz, Demokrazia demokratizatu beharra al dugu? galderari.
Biainek berak eman du kafe filosofikoen filosofiaren berri. «Kafe filosofikoa herritarren bilkura publiko eta irekia da, pentsatzeko eta hitz egiteko. Parte hartzaileei gai bat edo galdera bat proposatzeko eskatzen zaie, eta, proposamenak jaso ondoren, bat aukeratzen da bozketa bidez. Hortik aurrera, elkarrizketari ekingo zaio, eta parte hartu nahi duten kideek hitza eskatuko dute».
Elkarrizketa solasaldi hutsa izan ez dadin, gidariaren edo moderatzailearen zeregina elkarrizketa filosofikoa dela bermatzea da. «Horregatik, bi gauza lantzen dira: pentsamenduen edukia baino gehiago, pentsamenduen forma, eta, baita ere, beste pertsona batzuekin hitz egitean erakusten ditugun jarrerak. Helburua ez da eztabaida bat irabaztea, baizik eta gai batean sakontzea eta eskaintzen dituen ikuspegiak eta dituen arazoak ikustea».
Hala, parte hartzaileek adierazten dituzten iritzietatik abiatuta, hainbat gauza kontuan hartzen dira. «Ideien argitasuna, argudiatzea, iritzi desberdinak edo kontrakoak alderatzea, balizko kontraesanak, gure iritzien azpian dauden suposizio eta sinesmenak, ideia abstraktuen kasuan adibide zehatzak bilatzea edo, alderantziz, adibide jakin bat adierazteko balioko duen ideia bilatzea, eta beste batzuekin hitz egitean agertzen ditugun erreakzioak. Horregatik, kafe filosofikoak pertsonaren alderdi indibiduala eta soziala batzen ditu. Alde batetik, nork bere burua taldean ezagutzeko ariketa da, eta, bestetik, demokraziari dagokion herritartasun ariketa», azaldu du Biainek. Kafe filosofikoetako hausnarketen berri izateko, excelencia.ugleskola.org webgunera jo daiteke.