Prentsaurrekoa egin dute lehen hilabeteetako balorazioa egiteko. Plakak dagoeneko martxan daude. 180 bazkide dira eta udala 300era iristeko lan egiten ari da.
Zumarragako Tokiko Energia Komunitatearen (TEK) sorreran parte hartu duten erakunde eta enpresek prentsaurrekoa eman dute lehen hilabeteetako balorazioa egiteko. Herriko sei tokitan plaka fotovoltaikoak jarri dira eta dagoeneko energia hori erabiltzen ari dira. Energiaren %25 hortik lortuko dute. Gainontzekoa erosi beharra dute. Edinor enpresak ahalik eta kontratu onena lortzen lagundu die eta enpresako ordezkariak familia bakoitzak, batezbesteko, 500 euro aurreztu dituela esan du.
Prentsaurrekoa atzo egin zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Mikel Serrano alkateak, Juan Diego Edinor enpresako kontseilariak eta Ruben Riaño CaixaBank bankuko erakundeetako zuzendariak parte hartu zuten.
Serranok Zumarragako TEK aitzindaria dela esan zuen. «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Trantsizio energetikoa egiteko unea. Zumarragako TEKak 180 bazkide baino gehiago ditu eta itxaron zerrendan beste 50 familia daude. Banatzaileekin izandako negoziazioak gogorrak izan dira, baina azkenean martxan jartzea lortu dugu. Dagoeneko hilabete daramagu plaka fotovoltaikoek sortzen duten energia kontsumitzen. Gainera, banatzaileei erosten zaien energia guztia berdea da. Eta adostu den prezioa (0,11 euro kilowatt-ordu) oso ona da».
Bizilagun gehiagori parte hartzeko aukera eman behar diote. «La Salle-Legazpi ikastetxeak bere teilatua eskaini du plaka fotovoltaikoak jartzeko. 100-120 erabiltzaile gehiago nahi ditugu. Hala, 300era iritsiko ginateke. Bigarren kolpe honetarako, Next Generation Europako funtsen laguntza izango dugu. Gainera, TEKeko bazkideei auto elektriko bat eskaintzeko lan egiten ari gara. Auto hori bazkide guztien eskura egongo litzateke».
Asensio ere pozik azaldu zen. Erakundeen eta bizilagunen arteko elkarlana ezinbestekoa izan dela aipatu zuen. «Denon parte hartzea ezinbestekoa izan da. Denei eskerrak eman nahi dizkiet: Edinorri, CaixaBanki, udalari eta herritarrei. Gipuzkoaren menpekotasun energetikoa %90etik gorakoa da. Herri guztietan TEKak martxan jartzea gustatuko litzaidake».
Prezioa
Diegok, Serranok bezala, Zumarraga aitzindaria dela azpimarratu zuen. «TEKa bizilagunek kudeatzen dute. Plaka fotovoltaikoetatik lortzen duten energia fakturetatik deskontatzen zaie. Komunitateko bazkideek erosi beharra duten energiari dagokionez, ahalik eta prezio onena lortzen saiatu ginen. Banatzaileekin negoziatu genuen eta bi eskaintza onenen artean aukeratzeko esan genien. Energia erosteko orduan, hobe da taldean joatea bakarka baino. 0,11 euro ordaintzen ari dira kilowatt-ordua. 2022an batezbestekoa 0,29 eurokoa izan da Estatuan. Prezio hori otsailean adostu genuen eta gorabehera asko egon diren arren, urte osoan 0,11 ordaindu dute. Familia bakoitzak 500 bat euro aurreztu du».
Zumarragako Tokiko Energia Komunitatea CaixaBankek finantzatu du. Riañok halako egitasmoak finantzatzea pozgarria dela esan zuen. «Familiari dirua aurrezten lagundu diogu, menpekotasun energetikoari aurre egin diogu eta ingurumenaren alde lan egin dugu».