Pentsiodunen borrokak bost urte bete ditu eta gaur urteurrena ospatu dute. Astelehenero bezala, kontzentrazioa egin dute Areizaga-Kalebarren plazan. Euria ari zuen arren, bizilagun asko elkartu dira.
Testu bat irakurri dute. Bertan, bost urte hauetan egindako lana gogoratu dute. “Gaur eguraldia ez dugu lagun, baina ohituta gaude. Elurpean, eguzkitik ihesi… Denetik jasan dugu bost urte hauetan, baina hemen jarraitzen dugu: pozik, harro eta kementsu. Areizaga-Kalebarren plaza pentsiodunen borrokaren ikur bilakatu da”.
Borroka pentsioen igoera %0,25eko izango zela jakin zutenean hasi zuten. Estatuko herri askotan kontzentrazioak antolatu zituzten eta urte hartan bertan igoera %1,6koa izatea lortu zuten. Nahikoa iruditu ez zitzaienez, borrokan jarraitu zuten. 2020ko urtarrilaren 30eko grebari babesa eman zioten, Donostian manifestazioak egin zituzten…
2020ko martxoan koronabirusa heldu zen, baina horrek ere ez zituen kokildu. Koronabirusak adinekoak erasotu zituen bereziki eta adineko egoitzetako egoera eta adineko askok pairatzen duten bakardadea salatu zituzten. “Koronabirusak plazetatik kanporatu gintuen, baina Internet bidez lan egiten ikasi genuen. Eta gure balkoietan aldarrikapen mezuak jarri genituen. Berriro kalera atera ahal izan ginenean, kontzentrazioak berreskuratu genituen. Azken hilabete hauetan prezioak asko igo dira eta gutako askok kalitatezko janaria erosteari utzi behar izan diogu. Ezin ditugu gure etxeak behar bezala berotu. Ezin dugu kafe bat hartu, zinera joan edo etxetik kanpo afaldu. Gainera, osasun sistema publikoan murrizketa asko egin dira. Hori ere salatu dugu”.
Bukatzeko, pentsio publiko duinen alde borrokatzen jarraituko dutela aurreratu dute eta hil diren kideak gogoratu dituzte.
Horra hor urte hauetan ateratako hainbat argazki. Lehenengoa astelehenetako kontzentrazioak hasi aurrekoa da: pentsiodunen eskubideen alde borrokatzeko sortu zen Duintasuna elkartearen aurkezpena, 2015eko maiatzaren 13an.