Zaintzari, berrikuntza sozialari eta parte hartzeari buruzko hitzaldiak egingo dituzte. Herritarrek etorkizunari buruz eztabaidatuko dute. Larunbatean izango da, Antion.
Zumarragako EH Bilduk herriaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko topaketa antolatu du. Ekitaldiaren izena Zume Berriak Josiz da. Larunbat honetan egingo da, 10:00etatik 13:00etara, Antioko interpretazio zentroan.
Ekitaldia hiru hitzaldirekin hasiko da. Matia Fundazioko Maider Azurmendik, Fagor taldeko Aritz Otxandianok eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak hitz egingo dute.
Otxandiano Fagor taldeko Berrikuntza Sozialeko zuzendaria da eta Debagoienan hasi duten eraldaketa prozesuaz hitz egingo du. Azurmendi zegamarra Matia Fundazioko Garapen Komunitarioko arduraduna da eta zaintza eredu berriez hitz egingo du. Argixao adinekoen zentroko zuzendaria izan zen eta Zumarragako errealitatea ondo ezagutzen du beraz. Otaegik Errenteriako gobernantza ereduaz hitz egingo du, bulkada komunitarioa indartzeko martxan jarri duten estrategiaz.
Mahaingurua
Ondoren, mahaingurua egingo dute. Herritarrek herriaren erronkez hitz egin eta eztabaidatuko dute: zaintza, jasangarritasuna, industria, komunitatea…
Parte hartzaileen artean Miren Amilibia (Zumarragako Gizarte Zerbitzuetako arduradun ohia), Mariñe Arbeo (sortzailea eta ekintzaile soziala), Uxue Fernandez (EHUko irakaslea, kirol gaietan aditua eta bertsolaria) eta Oier Zabaleta (ingeniaria eta musikaria) egongo dira.
Gidaria Oihane Zabaleta izango da, Urretxuko alkate ohia eta Hernaniko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.
Bukatzeko, bertaratuek Uxue Kerejetaren musika emanaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute eta mokadutxoa egingo dute.
Herritar guztiak parte hartzera animatu dituzte. Parte hartu nahi dutenek hilaren 17rako izena eman behar dute. Horretarako, Zumeakjosiz.eus webgunera jo behar dute.
EH Bilduk herritar guztiak parte hartzera animatu ditu. «Aldaketa handiko garaiak bizitzen ari gara eta Zumarragak ere baditu erronkak eta trantsizioak. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herri ereduaren inguruan interesa izan dezakeen orori leiho bat irekitzea. Entzutea, ikastea, esperientziak ezagutzea, gogoeta egitea… da helburua». Izena ematea gomendatzen dute (Zumeakjosiz.eus webgunean edo 6988 874 751 zenbakira deituta).