Gaur egun telebista marka gehienak korearrak edo japoniarrak dira, baina garai batean hemen ere egiten ziren. Asensio Agirrezabalek Lentz markako telebistak egiten zituen Urretxun.
Galtzontziloak ere Txinan egiten diren garai honetan halakorik sinestea zaila bada ere, Urretxuk telebista ekoizle bat izan zuen. Asensio Agirrezabal du izena eta Lentz markako telebistak egiten zituen. Primerakoak ziren eta makina bat saldu zituen urte luzez.
Agirrezabal Brinkolako Arizti Behekoa baserrian jaio zen 1941ean. 14 urte bete zituenean Legazpiko Coel (Constructora Electromagnetica) fabrikan lan egiten hasi zen. «Soldadu joan arte lan egin nuen bertan. Lizentziatu nintzenean Eibarrera joan nintzen, han elektronika munduan lan gehiago baitzegoen. Organo fabrika bat zegoen (Helmholtz) eta telebistak egiten hasi ziren. Ni heldu nintzenean, bi bakarrik zituzten eginda. Ez ziren saltzeko modukoak. Nik, soldadu joaterako, telebista bat muntatu nuen. Ikastaro bat egin nuen horretarako. Telebista muntatzeko materiala Bilbon eta Iruñean lor zitekeen. Iruñera guardia zibila izandako batek ekartzen zuen, Alemaniatik, eta hemengoa baino askoz ere hobea zen».
Helmholtz enpresan proba bat egin zioten eta txundituta gelditu ziren. Kontratatu egin zuten, noski. «Telebista onak egin nahi zituzten, bizi osorako. Seigarren pisutik bota eta hautsiko ez zirenak. Mercedes autoak bezalakoak. 20 bat langile izan zituzten. Lehen hamar urteetan telebistak eskuz egin ziren Kanpokoak heldu zirenean, hemengo enpresek telebistak egiteari utzi zitzaion».
Eibarretik Urretxura
Eibarreko Helmhotz enpresan urtebete eman zuen eta ondoren bere kasa hasi zen. «Urretxu eta Zumarragan oso telebista gutxi zeuden oraindik: geltokikoa, Eusebio tabernakoa (Amerikatik ekarritakoa), medikuarena… Errepikagailua jarri zuten eta telebistak barra-barra saldu ziren. San Martin auzoko garaje batean hasi nintzen. 1966ko maiatzean, Geltoki tabernan dagoen tokian denda ireki nuen. Ondoren, Hiru taberna dagoen tokian egon nintzen eta azkenik Apain tabernaren ondoan. Zortzi langile izan genituen. Nire markako 1.000 telebista baino gehiago salduko nituen».
Bere marka zuen: Lentz. «Marka patentatu egin nuen, ordainduta. Lenz fisikariaren omenez jarri nien marka hori nire telebistei. Fagorrek Leniz marka patentatuta zuen eta nik A.Lentz izena patentatu nuen, baina telebistetan Lentz bakarrik jartzen zuen».
Ekoizle handiek baino lehenago berritzen zituen bere modeloak. «Ekoizle handiek langile asko zituzten eta ezin zituzten modeloak sarri-sarri berritu. Niretzat errazagoa zen. Banekien zer zetorren eta berehala moldatzen nintzen. Gainera, bi urteko bermea ematen nuen. Ekoizle handiak ere bermea ematen hasi ziren, baina lanparek eta pantailek ez zuten bermerik. Hasieran gauza asko nituen alde. Etxe guztietan ez zen telebista berdin ikusten eta bakoitzari bere beharren araberakoa egiten nion».
Telebista sekulako iraultza izan zen. «Eibarrera joan nintzenean, han ordurako telebista asko saltzen zirela ikusi nuen. Inguru honetan ere salduko zirela pentsatu nuen eta nire kasa jarri nintzen. Nire erosle gehienak Goierrikoak eta Urola bailarakoak ziren».
Txirrindulari taldea
Telebista onak egiteaz gain, marketina erabili zuen. Txirrindulari talde bat babestu zuen, besteak beste. «Hasieran TV Lentz bakarrik ageri zen maillotean. Ondoren, Montte-Lentz eta Montte-Iratxo (dendaren izena). Azkenik, Sanyo Iratxo. Iurrebaso, Leatxe, Alustiza, Arrieta… gure taldeetan aritu ziren».
Ia 2000. urtera arte saldu zituen Lentz markako telebistak. Oraindik Lentz markako telebistak daude etxe batzuetan. «Duela bi urte Arabatik deitu zidaten, 1983an muntatutako telebista bat konpontzeko. Konpondu nuenean, etxean dudan telebista japoniarra bezain ondo ikusten zen. Ilusio handia egin zidan».
Egungo telebistak «beste mundu bat» direla dio. «Egungo sistemek ez dute zerikusirik lehengokoekin». Aspaldi hartu zuen erretiroa, baina elektronika mundua gertutik jarraitzen du oraindik. «Egun, bildu daitezkeen telebistak ere badaude!».
Brinkolako baserritar batek halako elektronika zaletasuna izatea deigarria da. «Telebista iritsi aurretik, irratia bakarrik genuen. Brinkolan irratiak muntatzen zekiten bi lagun zeuden eta Aztiriako bat hortik bizi zen. Inbidia emango zidan… Bestalde, anaiaren entziklopedian telebista munduak etorkizun oparoa zuela irakurri nuen. Fabrikan eta baserrian lan egin ondoren, 21:30etatik gauerdira, ikasi nuen telebistak muntatzen. Larunbatetan eta igandetan ere horretan aritzen nintzen. Larunbatetan ez nintzen emaztegaiarekin ateratzen. Ezkondu aurreko urtean hasi nintzen larunbatetan berarekin ateratzen. Denak irteten dira eta gu ez, esaten zidan. Ni, lanarekin ailegatu ezinda beti».
Kontzilioa eta Fabiola
Bere etxekoak telebista ikusten lehenengoak izan ziren, sikiera. «Lehenengo telebista muntatu nuenean, Legazpin ez zen telebista ikusten oraindik. Seinalea eze zen herrira heltzen. Apaiza, maisua… gure etxera etortzen ziren telebista ikustera. Apaiza Vatikanoko II. Kontzilioaren berri izatera etortzen zen. Fabiola erreginaren ezkontzak, berriz, sekulako ikusmina piztu zuen. Jende asko etorri zen gure etxera ezkontza ikustera», gogoratu du Agirrezabalek.