59 postu egongo dira: 19 baserritarren gunean eta 40 aire librean
Zumarragako plazako obrak amaituta daude ia, karga-jasogailua jartzea eta baserritarren gunean azken ukituak egitea falta da. Hala, plaza erabiltzeko prest da jada. Hori dela eta, larunbatetako azoka bere jatorrizko tokira itzuliko da bihar.
Plazaren zaharberritzea dela eta, postuak Zelai Arizti parkean eta trintxeran egon dira. Plazaren zaharberritzea herriko merkataritza eta turismoa indartzeko egin da. Helburu horrekin, plaza zaharberritzeaz gain, Soraluze kalea oinezkoentzat egin da eta plaza eta Jai Alai kalea lotzen dituzten eskailerak berritu dira. Eskailera horien ondoan karga-jasogailua egiten ari dira. Martxorako prest egotea espero da. Egitasmo hauek guztiek Europako Next Generation funtsen laguntza jaso dute. Milioi bat eurokoa, hain zuzen ere.
Horretaz guztiaz gain, Jai Alai kalea oinezkoentzako erosoagoa eta seguruagoa egin behar da eta Legazpi kalea zaharberritu behar da. Bertan, oinezkoek lehentasuna izango dute.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa egin du gaur, larunbatean azoka Euskadi plazara itzuliko dela iragartzeko. 59 postu egongo dira: 19 estalitako gunean eta 40 estali gabekoan.
Estalitako guneko obra ez dago bukatuta oraindik. Zutabeak apaindu egingo dira, Zumarragaren historian garrantzitsuak izan diren materialekin: zumea eta altzairua, adibidez. Zutabeetako apaindurek herriarekin lotura duten gaiak erakutsiko dituzte: saskigintza, altzairugintza, trikitixa, trenbidea…
Bestalde, baserritarrek postu berriak izango dituzte udaberritik aurrera (argazkian ikus daitekeena bezalakoak izango dira). Bukatzeko, Klik eta Jaso egitasmoak ere armairu berriak izango ditu. Produktuak fresko mantenduko dituzte eta, hala, produktu galkorrak saltzen dituzten merkatariek ere zerbitzu hori eskaini ahal izango dute. Klik eta Jaso egitasmoan, erosleak erosketa internetez edo telefonoz egiten du eta saltzaileak produktua armairuan uzten dio.