Zumarragako Udalak Secundino Esnaola 12 eta 14ko atzealdearen zaharberritzea astelehenean hasiko du. Obra Antio enpresak egingo du. Dagoeneko ingurua hesitu dute. Aurrekontua 514.783 eurokoa da. Lanek 20 asteko iraupena izango dute.
Berrurbanizazioa Urola kaletik Ibai-Ondoren amaierara egingo da, kooperatiba zegoen tokiraino. Hala, herritarrek pasealeku berri bat izango dute: geltokitik udaletxeko zubiraino.
Secundino Esnaola 12 eta 14ko atzealdetik hastea erabaki dute, oso egoera txarrean dagoelako. Zorua hondoratu egin da, azpiko materiala kalitate txarrekoa zelako. Obra hoditeria berritzeko baliatuko da eta ondoren betetze material hobea jarriko da. Horretaz gain, euri urak garajeetara sartzea saihesteko lanak egingo dira. Argiteria berrituko da eta zuhaitz berriak landatuko dira.