Urretxu eta Zumarragako Vivak musika taldeak Plegu abestia estreinatu du gaur Youtuben. Abesti hau hiru talde eta bakarlariren kolaborazioaren fruitua da: Vivak, Bihar eta Esanezin. Kantak folk, pop eta elektronika ukituak ditu. Nahasketak eta masterizazioa Aimar Ibarzabal zumarragarrak egin ditu (Ilun produkzioak). Bideoklip ederra egin dute, egun hauetako paisaia elurtuak lagun.
Vivak 2021ean sortutako proiektu instrumental akustikoa da. 2022an beraien lehen diskoa argitaratu zuten. Hainbat kontzertu eman dituzte.
Vivak taldeko Iñaki Beruete, Jon Ander Campos eta Aitor Carrasco ez dira Plegu abestian parte hartu duten goierritar bakarrak. Izan ere, Esanezin taldeko Ianire Aranzabal Altzagaratekoa da. 2019an jarri zuen martxan proiektu hori, Oriol Floresekin batera. 2021ean kaleratu zuten lehen diskoa. Iaz banda osatu zuten, Arri Iraeta, Yerai Gascon eta Iñigo Asensiorekin.
Bihar taldeari dagokionez, identitatea ezkutuan mantendu nahi dute, ez dutelako ospetsu izateko nahirik, eta ezta asmo komertzialik ere. Protagonismoa abestiei eman nahi diete.