Azken astean egindako euriak eta elurrak hobetu egin dute Goierriko urtegien egoera, eta egun gutxitan ur maila igo egin da Barrendiolan, Arriaranen eta Lareon.
Barrendiolakoa goraino bete da eta gainezka dago joan den larunbatetik, beste urteetan garai honetan gertatu izan den bezala. Egun gutxitan, alerta egoeran izatetik egoera normalera igaro da: hilaren 11an bere edukieraren %67,10 bakarrik zuen beteta, eta gaur %100ean dago. Atzerago joanda, iazko azaroaren 10ean %42,93an zegoen.
Goierriko beste bi urtegietan ere igo da ur maila. Arriarangoa %73,50ean dago (%50,23ean zegoen hilaren 11n, %55,04ean azaroaren 10ean, eta % 79,71ean uztailaren 27an).
Lareokoa, berriz, %63,39ean dago (%54,54ean zegoen hilaren 11n, %42,87an azaroaren 10ean eta %62,83an uztailaren 27an).