Jose Luis Peña (Zumarraga, 1972) Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakari berria da. Elkartearen erronka nagusia pertsona askok bizi duten bakardadeari aurre egitea dela dio.
Zein da zure lanbidea?
Administrari ikasketak egin nituen eta Sidenor enpresan lan egiten dut. 25 urte daramatzat bertan.
Nolatan hasi zinen Gurutze Gorrian lanean?
1988an hasi nintzen Urola Garaiko Gurutze Gorrian. Lagunok Gurutze Gorriaren egoitzara sartzea erabaki genuen. Herriaren alde lan egiteko gogoa genuen eta Gurutze Gorriaren gazte taldean hasi ginen. 34 urte pasa dira ordutik.
Nolakoak izan dira 34 urte hauek?
Politak izan dira. Gurutze Gorrian lan egitea, denbora librean gizarte solidarioago eta justuago baten alde lan egitea, esker onekoa da. Herriak Gurutze Gorria estimu handian du eta horrek ondo lan egin dugula esan nahi du.
Ze kargu izan dituzu?
2019an Gipuzkoako lehendakariorde kargua hartu nuen. Talde polita osatu genuen eta hauteskundeak irabazi genituen. Iazko urte amaieran lehendakari kargua hartu behar izan nuen, lehendakariak kargua utzi zuelako. Ekainean hauteskundeak egingo ditugu berriro.
Hauteskundeetara aurkezteko asmoa al duzu?
Talde egokia osatzea lortzen badugu, seguru aski aurkeztea erabakiko dugu. Une honetan, talde ona dugu. Gurutze Gorrian urte asko daramatzagun pertsonok osatzen dugu.
Zertan lan egiten du Gurutze Gorriak?
Gure boluntarioei formazioa ematen diegu. 3.000 boluntario ditugu Gipuzkoan. Gizarte interbentzioari dagokionez, migratzaileei, adinekoei, era guztietako arazoak dituzten pertsonei… laguntzen diegu. Bestalde, prebentzio zerbitzua eskaintzen dugu eta uholdeen moduko larrialdietan laguntzen dugu. Ingurumena eta nazioarteko kooperazioa ere lantzen ditugu. Bukatzeko, gazteekin egiten dugun lanari garrantzi handia ematen diogu. Izan ere, gazteak dira gure elkartearen etorkizuna.
Ze laguntza dituzue?
Aipatu dudan guztia, erakunde eta enpresa ezberdinen laguntzarekin egiten dugu. Eta, batez ere, gure 20.000 bazkideen laguntzari esker. Gure herrialdea oso solidarioa izan da beti Gurutze Gorriarekin. Eskerrak eman beharra dugu.
Nola lan egiten duzue?
Herrialde mailako bulegoa eta hamasei tokiko batzar ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da herritarrengandik ahalik eta gertuen egotea.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Aurtengo gure erronka nagusia pertsonen bakardadeari aurre egitea da. Telefonoz eta sare sozialez inguratuta gaude, baina jende askok ez du dei bakar bat jasotzen hilabete askotan. Ez dute inorekin hitz egiten. Etxean sartuta gelditu dira. Bakartuta. Horri aurre egiten saiatzen ari gara. Gure boluntarioak pertsona horien etxeetara joaten dira eta kafe bat hartzen dute beraiekin. Oso proiektu polita da. Pertsonen bakardadeari aurre egitea Gurutze Gorriaren betebeharra da. Horretan lan egin nahi dugu eta egingo dugu.
Zer diozu Urola Garaiko eta Goierriko batzarrez?
Urola Garaiko batzarra Gipuzkoako indartsuenetako bat da. Oso lan ona egiten du, batez ere garraio egokituari, formazioari eta oinarrizko laguntzari dagokionez. Pandemia garaian sekulako lana egin zuten, udalekin lankidetzan. Janaria eraman zuten etxe askotara. Egun, pobrezia energetikoari aurre egiteko gogor lan egiten ari dira. Goierriko batzarra ere Gipuzkoako indartsuenetakoa da. Oso eremu zabala hartzen du. Azpiegitura oso garrantzitsua du eta formazioa eta prebentzio zerbitzua lantzen du batez ere.