Urola eskubaloi taldeko gazte mailako mutilek Euskadiko Ligara igotzeko jokatu dute asteburu honetan Ispilla kiroldegian. Atzo Bizkaiko Trapagaran taldeari irabazi zioten, baina gaur Donostiako Egia taldearen aurka galdu egin dute. Horrenbestez, igotzeko aukera galdu dute. Egia igoko da, orain arte jokatutako bi partidak irabazi baititu.
Azkeneko bi partidak bihar jokatuko dira, baina dena erabakita dago jada. 10:00etan Trapagaranek eta Egiak jokatuko dute eta 12:00etan Urolak eta Bilboko Santutxu auzoko Beltzagorrik. Klubak herritarrei Ispillara joateko gonbita luzatu die, jokalariei ez baitzaizkie gaizki etorriko bizilagunen animoak.
Iñigo Cantero entrenatzaileak atzo “oso partida ona” jokatu zutela, baina gaur ez dutela maila eman esan du. “0 eta 5 galtzen hasi gara eta ez dugu egoera horri aurre egiten jakin”.