Gipuzkoako Merkatarien Federazioak hitzaldi sorta antolatu du bere 90. urteurrena ospatzeko. Zumarragakoan Urbe eta Urdangarin dendak omendu ditu.
Ekitaldia gaur izan da. Hasteko, merkatariek luntxa egin dute Gure Txoko jubilatuen egoitzan. Ondoren, Zelai Arizti kultur etxera jo dute. Ekitaldian Julen Maiz Gipuzkoako Merkatarien Federazioko lehendakariak, Maite Balmasesa Federazioko zuzendariak eta Rosa Maiza zinegotziak parte hartu dute.
Zelai Ariztin, aipatutako bi dendak omentzeaz gain; bideo bat eman dute; herriko bost merkatarik beraien lanari buruz hitz egin dute eta Odile Rodriguez de la Fuente biologoak, Felix Rodriguez de la Fuente zenaren alabak, merkataritzako jasangarritasunari buruz hitz egin die merkatariei.
Urbe eta Urdangarin 90 urte baino gehiago bete dituztelako omendu dituzte. Balmasedak Urbe 1895ean sortu zela gogoratu du. Egungo egoitzaren pareko lokal batean, hain zuzen ere. “Urbe fluoreszenteak izan zituen lehen denda izan zen. Egun gizonezkoentzako arropa, baserritar jantziak, maletak eta osagarriak saltzen dituzte. Dendak jatorrizko itxura mantentzen du”. Iñaki Urdangarinek bizilagunei eskerrak eman dizkie, urte hauetan guztietan beraiengan jarri duten konfiantzarengatik.
Urdangarin burdindegiari dagokionez, Balmasedak familiaren galdaragintza enpresa burdindegi bilakatu zela gogoratu zuen. “Bertan, denetik aurkitu daiteke. Herritarrei behar duten guztia eskaintzen diete. Uholde askori aurre egin behar izan zieten, baina ez zuten etsi. Egun, beti eskaini dutena eskaintzeaz gain, produktu berritzaileak eskaintzen dituzte”. Joseba Urdangarinek bere aitona gogoratu du. “Familiak negozioarekin jarraitzea nahi zuen eta ni jaio baino pixka bat lehenago hil zen”.
Omenaldiaren ondoren, bideo bat eman dute. Bertan, Singular Dendak ziurtagiria lortu duten Urretxu eta Zumarragako bost dendarik beraien lanari buruz hitz egin dute: Nekane Iturbe (Marai&NKN), Yone Arakama (Mentxu y Yone), Itziar Laskurain (Laskurain), Garbiñe Agirre (Ureder) eta Agurtzane Iturbek.
Ondoren, Nekane eta Agurtzane Iturbek, Arakamak, Laskurainek eta Josune Sueskunek, Maite Eskarmendi aurkezlearen galderak erantzun dituzte. Bukatzeko, Rodriguez de la Fuentek hitzaldia egin du.