Taldea Errezilgo Domusa Teknik kooperatibak sortu du eta euskal korrikalariek osatuko dute
Aritz Egea mendiko korrikalari urretxuarrak Salomon taldea utzi du eta Domusa Teknik Team talde berrian arituko da denboraldi honetan. Domusa Teknik Errezilgo galdara enpresa bat da eta euskal korrikalariekin arituko da. Egearena izan da ezagutzera eman duen lehen fitxaketa.
Urretxuko korrikalari pozik ageri da. “Beraiekin aritzea proposatu zidaten eta baiezkoa eman nien. Iaz hasi nintzen beraiekin, nire babesleak izan ziren. Baloratua sentitu naiz eta hori oso garrantzitsua da niretzat, dagoeneko 38 urte baititut. Nire azken urteak dira lasterketen munduan”.
Ilusioa egiten dio euskal talde batean aritzeak. “Domusa Teknik Errezilgo kooperatiba bat da. Ilusioa egiten dit etxeko talde batean aritzeak. Euskal Herrian badaude beste talde batzuk, baina ez dute Domusak egin duen apustua egin. Urte batzutarako apustua egin dute eta euskal korrikalariekin osatuko da taldea. Lasterketa onenetan lehiatzeko gai izango gara”.
Egearen erronka nagusia Mont Blanc-eko ultratraileko CCC proba izango da. 100 kilometrokoa. Irailaren 1ean egingo dute. “Aurten ere lasterketa luzeak egingo ditut. Talde berrian ere egutegiko lasterketa onenetan parte hartzeko aukera eman didate eta, gainera, askatasun handiagoa izango dut”.