Urretxuko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiak SukaldAnitzak ikastaroak antolatu ditu aurten ere. Egitasmo honen helburua bertan jaiotakoen eta etorkinen arteko hartu-emana eta elkar ezagutzea sustatzea da. Saioak, hilaren 11n eta 25ean eta martxoaren 11n eta 25ean izango dira, Goierri kirol elkartearen egoitzan.
Lehen bi egunetan euskal sukaldaritza ikastaroak egingo dituzte. Azkeneko bietan, berriz, munduko sukaldaritza tailerrak. Saio guztiak 10:30etik 14:30era izango dira.
Saio bakoitzean hamar partaide elkartuko dira. Hasteko, erosketak egingo dituzte. Ondoren, erositakoa prestatuko dute. Eta, bukatzeko, elkarrekin bazkalduko dute.
Izen-ematea
Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute dagoeneko. Horretarako, aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi behar dute edo 693 900 568 telefono zenbakira, deitu.
Tokiak mugatuak dira. Hori dela eta, lehen aldiz parte hartzen dutenei emango zaie lehentasuna.