Goierri kirol elkartearen powerlifting saileko kideek lokal bat izango dute entrenatzeko. Urretxuko Udalak eta Goierrik atzo sinatu zuten hitzarmena. Lokala Ederrena pilotalekuaren albo batean dago (KZgunea zegoen tokian, Harkaitz Barrerosen ile-apaindegiaren ondoan).
Powerlifting-a indarreko kirol bat da. Halterofiliaren antzekoa da. Halterofilian bi ariketa egiten dira eta honetan, berriz, hiru egiten dira. Txapelketetan hiruen batuketa egiten da eta kilo gehien altxatzen duenak irabazten du. Halterofilian esplosibitateak garrantzia handiagoa du. Powerlifting-ean, berriz, indarrak.
Goierri kirol elkartearen powerlifting sailak 15 kide ditu dagoeneko. Kirol hori ezagutu nahi dutenek entrenamendu lokalera jo dezakete.
Urretxuko Udalaren helburuetako bat kirolzaletasuna sustatzea da. “Betiko kirolei babesa emateaz gain, berriak sustatu nahi ditugu. Boluntarioen krisia bizi dugu eta gazte talde batek sail berri bat sortzea txalotzekoa da”, azaldu dute udal arduradunek.
Goierriren powerlifting sailari buruzko erreportajea irakurtzeko, sakatu hemen.