Urretxu-Zumarraga Ikastolan hitzaldi eta formazio saio batzuk antolatu ditu otsaileko lehen asteetarako. Batetik azaroan Zelai Arizti aretoan egin zuten ongizate emozionalaren inguruko hitzaldiari jarraipena emango diote. Orduko hartan, Ikastolan inplementatzen duten Lotura Emozional Kontzientea ereduaren oinarriak landu zituzten. “Oso harrera ona” izan zuen eta jarraipena izango du Ongizate emozionala: kasketetatik zoriontasunera saioarekin. Haurrek izaten dituzten kasketek zein emoziorekin duten lotura, horiek nola kudeatu… izango dute hizpide. Otsailaren 7an izango da, 18:00etan Ikastolan bertan. Oraingoan ere ereduaren sortzaile diren Roberto Aguado Romo eta Aritz Anasagasti Undabarrena izango dira bertan. Hitzaldia elebitan izango da.
Bigarren saioa irakurzaletasuna sustatzeko izango da. Literatura funtsezkoa da haurraren garapenean eta euskararen transmisioan. Hori dela eta, haurrak irakurtzera animatu nahi dituzte. Zein ipuin kontatu, nola irakurri, emozioak hizkuntzaren bidez nola transmititu… aztertuko dute Juankar Alonsorekin: otsailaren 13an, 17:30ean Ikastolako hizkuntza txokoan. Saioa euskaraz izango da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide