Zumarragako Udalak 2023-2025eko diru-laguntzen plan estrategikoa aurkeztu du. Aurten, ia milioi bat euro bideratuko ditu, bederatzi ildotara.
Diru-laguntzen plan estrategikoa Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza zinegotziak aurkeztu zuten atzo. Diru-laguntzen helburua, herritarren beharrei erantzutea da: premia gehien dutenei lagundu eta garapen ekonomiko jasangarria sustatu.
Bederatzi ildoak euskararen sustapena eta normalizazioa, hezkuntza, gizarte ekintza eta berdintasuna, kultura, kirola eta aisialdia (osasuna), garapen ekonomiko eta soziala, gazteen emantzipazioa eta ingurumenaren eragina osasunean.
2019tik 2022ra 3,5 milioi bideratu dira. Diru gehien gizarte ekintzara eta berdintasunera bideratu da: ia 1,4 milioi. Garapen ekonomiko eta sozialari ia 640.000 euro bideratu zaizkio, kulturari 620.000, euskarari 280.000, kirolaren eta aisialdiaren sustapenari 271.000 eta gazteen emantzipazioari 250.000.
2023an ia milioi bat euro bideratuko da diru-laguntzetara, 2022an baino %8,4 gehiago. Euskarari dagokionez, udalak 88.400 euro banatuko ditu diru-laguntzetan (iaz baino 18.000 euro gehiago). Udalak euskara ikasteko laguntzak emango ditu eta Zintzo-Mintzo euskara elkarteari eta euskarazko komunikabideei diru-laguntzak emango dizkie, besteak beste.
Gizarte ekintzari dagokionez, 382.000 euro banatuko dira. Iaz baino 70.000 euro gehiago. Elkarteei eta premia larrian dauden familiei lagunduko zaie. Horretaz gain, adineko pertsonen parte hartzea eta integrazioa sustatuko da (jubilatuen elkarteen bitartez) eta Hirugarren Munduko egitasmoei babes ekonomikoa emango zaie.
Kultur ekintzetara ia 250.000 euro bideratuko dira (iaz baino 9.000 gehiago). Elkarteekin eta bizilagunekin elkarlanean, kalitatezko kultur eskaintza anitza eskainiko da.
Beste ildoetako baten helburua herritarren artean kirol jarduera sustatzea da. 70.000 euro bideratuko dira horretara. Iaz baino 5.000 euro gehiago.Kirol arloko elkarteei eta kirol ekitaldiak antolatzen dituztenei lagunduko zaie. Kirol eskaintza anitza, kalitatezkoa eta berritzailea izate nahi da, herritarrak kirola egitera animatzeko.
Garapen ekonomikora 132.000 euro bideratuko dira. Iaz baino 7.000 gehiago. Lehiakortasuna sustatzeko, hainbat diru laguntza emango dira: ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dutenei; merkatari berriei; lokal hutsak alokatu nahi dituztenei; dendak modernizatu nahi dituzten merkatariei… Horretaz gain, Bi-Tartean merkatari elkarteak eta Argixao enpresa elkarteak diru-laguntzak jasoko dituzte.
Udalak gazteen emantzipazioa ere sustatuko du, herritik alde egin ez dezaten. Etxebizitzak alokatzeko eta autoenplegurako laguntzak emango ditu. Guztira, 40.000 euro.
Bukatzeko, Zumarragako Udalak herrigunetik kanpo bizi direnei eta institutuko ikasleei garraioa eskainiko die eta ingurumenaren egoerak osasunean duen eragina ikertzen duen proiektuari babesa emango dio.
Diru-laguntza hauen guztien berri zehatzagoa izateko, zumarraga.eus webgunera jo daiteke (Egoitza Elektronikoa, Tramiteak) edo udaletxera deitu.
Maizak, aipatutako diru kopuruekin eskaera guztiak ase ezin badira, diru kopurua handitu edo ildo bateko dirua beste batera pasa daitekeela esan zuen.