Flavio Banterla Secundino Esnaola musika eskolako irakaslearen NNN ZZZ abestiaren bideoklipak euskarazko bideoklip onenari saria irabazi du Huhezinema film laburren jaialdian. Jaialdi hau Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko 4. mailako ikasleek antolatzen dute.
Banterla Italiatik Euskal Herrira etorri zen eta egun Secundino Esnaola musika eskolako irakaslea da eta Zaldibian bizi da. Eskolak emateaz gain, abestiak sortzen ditu eta kontzertuak egiten ditu. Bere abesti berrian, lehenengoz euskaraz abestu du. Abestiaren izenburua NNN ZZZ (Nor Naiz Ni Zein Zara Zu) da. Bideoklipeko protagonista bere semea da (3 urteko Mateo).
Bideoklipak buruhandi baten eta haur baten arteko adiskidetasunaren istorioa kontatzen du. Ipuin “zoriontsu, triste eta itxaropentsu” horretan artistak honakoa adierazten du, “ezer ez da sortzen, ezer ez da suntsitzen, dena eraldatzen da”. Aitor Arrutik zuzendutako bideoklipa, Zaldibian dago grabatuta, non artista italiarra bere emaztearekin eta hiru seme-alabekin bizi den.
Lan berri horretan Maider Zabalegik eta Tolosako Et Incarnatus orkestrak parte hartzen dute. Baita ere Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako irakaslea den Gorka Benitezek saxofoi-jole lekeitiarrak ere.
Horra hor bideoklipa.