Jose Luis Ruiz Palenzuela eta Felipe Davila urretxuarren Deluxe Photo Video estudioak ‘Bodas.net’ webgunearen Weddings Award saria lortu du. Beraiek dira saritutako argazkilari gipuzkoar bakarrak.
Goierrin primerako argazkilariak daude (Goiberri aldizkariko erdialdeko orriak horren erakusle). Baita ezkontza kontuan ere: Jose Luis Ruiz Palenzuela eta Felipe Davila urretxuarren Deluxe Photo Video estudioak Bodas.net webgunearen We-dding Awards saria irabazi du.
Bodas.net ezteiak prestatzeko beharrezkoa den guztia eskaintzen duen webgune bat da. 50.000 enpresa baino gehiago daude bertan. Wedding Awards webgune horretako enpresa onenei ematen zaien saria da. Aurten 10. edizioa antolatu da. Ruiz Palenzuelaren eta Davilaren Deluxe Photo Video estudioak Gipuzkoako argazkilari onenari dagokion saria lortu du. Saria webgunearen erabiltzaileek ematen dute. Deluxe Photo Videok Bergaran du estudioa, baina Urretxun ere bulegoa du (Labeaga 35, Keros).
Hasiera urteak
Ruiz Palenzuela eta Davila argazki zaleak dira eta argazkilaritzak elkartu zituen. Ruiz Palenzuelak markoztatze munduan lan egiten zuen, Urretxuko Keros dendan. Duela 20 urte Bergaran beste denda bat ireki zuten eta bertan argazkilaritza zerbitzua ere eskaintzen zuen. Duela sei urte ezkontzetako argazkiak egiten hasi zen, Davilarekin elkarlanean.
Ahalik eta argazki naturalenak egiten saiatzen direla dio. «Naturalak izaten saiatzen gara. Argazkiei ez diegu ukiturik ematen eta ez ditugu istorioak asmatzen. Ezteietara joan direnei ez molestatzen saiatzen gara. Beraiek konturatu gabe lan egiten saiatzen gara. Gertatzen den guztia jasotzen dugu, enbarazurik egin gabe».
Ezkonberriei egunaz gozatzen uzten diete. «Ezkonberriek, festaz gozatzen uztea asko eskertzen dute. Lehen, egunean bertan argazkiak ateratzera eramaten zituzten. Guk 15-20 minuturekin nahikoa dugu. Beraien eguna da eta ez dugu beraiek ezer galtzea nahi. Argazki oso bereziak nahi badituzte, ezteien ondorengo egunetan egitea proposatzen diegu».
Jose Luis Ruiz Palenzuela. Argazkilaria
«Argazkiei ez diegu ukiturik ematen eta ez ditugu istorioak asmatzen»
«Eztei bakoitzaren ondoren, 10-15 egun ematen ditugu lanean»
Ruiz Palenzuelak eta Davilak ezkontzetako argazkiak egiten dituzte, batez ere. «Bataioak, jaunartzeak… ere egiten ditugu, baina gure lanaren %60 ezkontzak dira. Ezteietako erreportajeak egiteko denbora asko behar da. Eztei bakoitzaren ondoren, 10-15 egun ematen ditugu lanean. Ezteietan 3.000 argazki inguru ateratzen ditugu. Bildumarako argazkiak aukeratze hutsa, sekulako lana da».
Esperientzia oso lagungarria da eta berak urte asko daramatza argazki munduan. «Hasieran Urretxuko Keros dendan lan egiten nuen, Marianorekin. 2022an Bergarako denda ireki genuen eta bertan, koadroak egiteaz gain, argazkiak ateratzen eta inprimatzen nituen. Duela bospasei urte ezkontzetako argazkiak egiten hasi nintzen, Feliperekin. Ordura arte, paisaiak eta estudioko lanak egiten nituen. Felipe ordenagailuko lanaz arduratzen da: argazkiak orraztu, webguneaz arduratu… Horretaz gain, nirekin etortzen da erreportajeak egitera. Marianok erretiroa hartu zuenetik, Urretxuko dendan ere argazkilaritza zerbitzua eskaintzen dugu». Ezteietako argazkiak egiten hasi eta gutxira, pandemia heldu zen. «Pandemian eztei txikiak bakarrik egin ziren. Iaz berreskuratu genuen normaltasuna», azaldu du.