Mikel Serrano Zumarragako alkateak Secundino Esnaola kaleko 12 eta 14 zenbakien atzealdean egiten ari diren obra bisitatu du gaur. Antio enpresa da obra egiten ari dena. Aurrekontua 516.000 eurokoa da. Lanak urtarrilaren 23an hasi ziren eta bost hilabete irautea espero da. Santa Isabel jaietarako amaituko dira, ondo bidean.
Egunotan lanik korapilatsuena egiten ari dira: Secundino Esnaola 12 eta 14aren atzealdean zorua erori egin zen azpian jarritako materiala kalitate eskasekoa zela. Gainera, azpiko garajeetara ura sartzen zen. Hori dela eta, sei metroko zuloa egin dute. Garajeetako horma inpermeabilizatuko dute eta, bide batez, hoditeria berrituko dute (argiteria, zuntz optikoa, euri urak eta ur zikinak eta ur hornidura).
Ondoren, zuloa material egokiarekin estaliko dute eta granitozko baldosak jarriko dituzte. “Espazioa orain arte baino atseginagoa izango da. Zuhaitz berriak landatuko dira, zaharren sustraiek garajeetan arazoak sortu baitituzte. Berriak txikiagoak izango dira. Bestalde, eserleku berriek Urolako Trena omenduko dute. Izan ere, ondotik pasatzen zen. Argiteria ere berrituko da”, esan du alkateak.
Secundino Esnaola 12 eta 14koa lehen fasea da. Bigarren fasean Ibaiondoren atzealdea zaharberrituko dute. Udalak Urola kalea zaharberritzeko asmoa ere badu. Geltokitik udaletxe eta azoka ingururaino pasealeku bat egongo da. “Helburua aisialdia eta merkataritza sustatzea da”, aipatu du.