Salome Puebla artisau zumarragarrak panpinak egiten ditu loreontziekin. Geroz eta balkoi, leiho eta sarrera gehiagotan ikus daitezke berak egindako animaliak eta pertsonaiak.
Loreak edertasunaren eta alaitasunaren sinbolo dira. Loreontziak zozo samarrak izan dira beti, baina horiek ere politak eta alaiak izan daitezke. Zumarragako hainbat etxetako balkoi eta leihoetan apaindutako loreontziak ikus daitezke. Panpina itxura dute. Salome Pueblak egin ditu.
Pueblari umetatik gustatzen zaio margotzea. «Umetan marrazketa eskoletara joan nintzen», gogoratu du. Duela urtebete inguru apaindutako loreontzi bat ikusi zuen eta antzerako zerbait egitea erabaki zuen. Bere loreontziek harrera bikaina izan zuten eta lagun batek artisauen ferietan saltzea gomendatu zion.
Ordutik, bere lanak oso ezagunak egin dira. Tamaina ezberdinetako loreontziekin panpinak egiten ditu. Loreak eramango dituenaren azpian beste bat jartzen du (gorputz-enborra) eta horri lau loreontzi txiki gehitzen dizkio (eskuak eta hankak). Ondoren, margotu egiten ditu.
Animaliak, Olentzero…
Hamaika panpina egin ditu: baserritarrak, Olentzero, Realeko, Athleticeko eta Bartzelonako jokalariak, Mickey Mouse, Pinotxo, animaliak, Super Mario… «Enkargu dezente eduki ditut. Arraindegi batek Olentzero handi bat eskatu zidan. Bestalde, Realeko jokalari asko saldu ditut».
Realeko jokalariak leihoan jarri dituenetako bat Iñigo Cantero zumarragarra da. Bi loreontziak bere amak oparitu zizkion, 50 urte bete zituenean. «Paketea oso handia zen eta ez nekien zer zegoen barruan. Ez nuen espero bi loreontzi izatea. Batak nire emaztearen izena darama bizkarrean eta besteak nirea. Jende askok galdetu digu loreontzien inguruan».
Canterori asko gustatu zitzaion oparia, Realzale sutsua baita. «Realekoa naiz, betidanik. Nire aiton-amonak Donostian bizi ziren eta bisitan joaten ginenean, osabak Atotxara eramaten ninduen. Lanean hasi nintzenean, nire lehen soldatarekin egin nuen lehenengo gauza Realeko bazkide egitea izan zen. 1991tik naiz bazkide». Pueblaren loreontziei esker, mundu guztiak daki Soraluze kaleko 3. solairuan realzale sutsu bat bizi dela.