
Zumarragako Udalak Kaminpeko bidegorria industrialdeko sarreratik ospitaleko errotondaraino luzatzeko obra esleitu zuen atzoko osoko bilkuran. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarraga alderdiek alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Obra Campezo enpresak egingo du. Aurrekontua 343.000 eurokoa da. GI-2632 errepidearen eskuinaldean (etxebizitzak eta tailerrak dauden aldean) errepidearen eta tailerretako bidearen artean dagoen petrila kenduko da. Autoek errepide ondoan aparkatu ahal izango dute, ondoan bidegorria egingo da eta bidegorriaren eskuinetara ere autoek aparkatu ahal izango dute. Bi aparkaleku ilara egongo dira, beraz (egun, bakarra dago). Horretarako, aipatutako landaredun petrila kentzeaz gain, errepidea estutu egingo da. Helburua autoak polikiago joatea da. Aparkalekuan, lauzpabost autotik behin, zuhaitzak landatuko dira.
Obra hamabost egun barru hasiko da eta lau hilabeteko iraupena izango du.

Egun bide ertza dagoen tokian autoak aparkatu ahal izango dira, landareak dauden tokian bidegorria egingo da eta bidegorriaren eskuinetara ere aparkatu ahal izango da. Argazkia: Otamotz.
Irastorza etxearen parean ere lanak egingo dira. Etxe aurreko elementu arkitektoniko guztiak kendu egingo dira eta plazatxo bat egingo da. Gainera, atari guztien irisgarritasuna bermatuko da. Obra hori ere aurki hasiko da.

Irastorza etxea. Argazkia: Otamotz
Kaminpetik datorren Bidegorria Irastorza etxearen aurretik eta Elgarrestamenditik pasako da (hormaren gainetik, ez errepide ondotik). San Isidroko tunelen azpitik, herrigunera joko du. Elgarrestamendi paretik Eitzaraino, errepidearen bi aldeetan lorategia egingo da errepidea estutzeko. Obra hori aurrerago egingo da. Azken zati horren aurrekontua 1.200.000 eurokoa da.

Errepidearen bi aldeetan lorategiak egingo dira eta bidegorria eskuinaldean ikusten den espaloitik pasako da. Argazkia: Otamotz