EH Bilduk osasun mentaleko zentroko haurrentzako zerbitzuaren "desegitearen" inguruko azalpenak eskatu dizkio Sagarduiri
ELA sindikatuak Zumarragako eta Azpeitiko osasun mentaleko zentroetan haurrentzako zerbitzua kendu dela salatu du eta EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Gotzone Sagardui sailburuari. EH Bilduren talde parlamentarioak zortzi galdera erregistratu ditu. Besteak beste, zerbitzuaren eteteak zenbat haur eta familiari eragiten dien eta haur eta familia horien beharrak nola kudeatu diren zerbitzua berta behera dagoenetik.
EH Bilduk egoera “oso larria” dela gehitu du. “EAEko osasun mentaleko estrategia berritzeari buruzko akordioan haur eta gazteen osasun mentalak lehentasuna duela jasotzen da. Beraz, Eusko Jaurlaritza eta Osasun saila erabaki horren kontra ari dira”.