Larunbatean SukaldAnitzak egitasmoko lehen saioa egin zuten Goierri elkartean. Bertan jaiotakoek eta etorkinek elkarrekin kozinatu eta bazkaldu zuten, hobeto elkar ezagutzeko. Dilista egosiak, antxoak arrautza-irinetan eta sagar errea jan zuten.
20 bat pertsona elkartu ziren: Nikaragua, Honduras, Venezuela, Peru, Maroko, Senegal, Pakistan, Kuba, Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Donostian jaioak. Oihana Merino teknikariak “giro polita eta alaia” izan zutela aipatu du. Hausnarketarako ere izan zuten eta amaieran parte hartzaile guztien herrialdeetako musikak entzun zituzten Youtuberen bitartez.
Bigarren saioa hilaren 25ean izango da. Oilasko kuskusa eta postre pakistandarra prestatuko dituzte. Martxoaren 11n, berriz, lekak patatekin, haragi egosia eta arrozesnea kozinatuko dituzte. Bukatzeko, martxoaren 25ean Limako kausa, paisar erretilua eta ogi opila prestatuko dituzte.
Ekimen honetan nahi duten guztiek parte har dezakete. Izena emateko, 693 900 568 zenbakira deitu behar da.