Eusko Jaurlaritzak eta udalak Zumarraga Berrikusi aplikazioa sortu dute: bizilagunei eta bisitariei herriari buruzko informazio guztia eskura jartzen die. Helburua tokiko ekonomia suspertzea da.
Erabilpen egokia emanez gero, egungo sakelako telefonoek aukera bikainak eskaintzen dituzte. Eusko Jaurlaritza eta Zumarragako Udala horren jakitun dira eta Zumarraga Berrikusi aplikazioa sortu dute: bizilagunei eta bisitariei herriari buruzko informazio guztia eskura jartzen dion aplikazioa.
Berrikusi Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren egitasmoa da. Proiektu pilotua Laudion jarri zuten martxan eta orain Zumarragara heldu da. Helburua tokiko ekonomia suspertzea da, jarduera guztiak dinamizatuz eta eguneratuz: merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak, turismoa, aisia, kultura, kirola…
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; Elena Moreno Merkataritza zuzendariak; Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza zinegotziak parte hartu zuten.
Hurtadok aplikazio hau pertsonak bere herriarekin konektatzeko erreminta dela esan zuen. «Erabiltzaileei herriko eskaintzaren berri ematen die: enplegua, ekintzak, zozketak, turismoa… Gainera, erabiltzaileen ohiturak aztertzeko eta horrela zerbitzua hobetzeko aukera ematen du».
Morenok herrietako ekonomiak suspertzeko oso baliagarria dela azpimarratu zuen. «Herritarrek beraien herriak hobeto ezagutzeko eta bizitzeko aukera ematen du eta gainera erakundeen, merkatarien eta herritarren arteko distantzia txikitzen du. Kale birtuala da, erakusleiho digitala».
Aplikazioa nola lortu
Zumarragan lan egitea oso erraza izan dela gehitu zuen. «Zumarragako Udalak merkataritzarekin lotutako egitasmo sendoa duenez, aplikazioa berehala jarri ahal izan dugu martxan. Berrikusi.eus webgunean eskura daiteke. Aplikazioak agenda, dendak, ikastaroak, turismo, kultur eta kirol eskaintza, garraioen ordutegia… bizilagun eta bisitari guztien eskura jartzen ditu».
Serranok eta Maizak kanpaina hasi aurretik 200 erabiltzaile dituela aipatu zuten. Ezagutzera emateko kanpaina datorren asteko larunbatean hasiko da. Karpa bat jarriko dute azokan.