Andoni Gilek (Zumarraga, 1965), ‘Los colores de mi universo’ (Nire unibertsoko koloreak) erakusketa ireki du kultur etxean. Bere lehen erakusketa da eta martxoaren 3ra arte egongo da zabalik.
Nolatan margolari?
Komunean baldosa batzuk jarri behar nituen eta baldosak ekarri behar zituen laguna heldu zenerako, komuna eta sukaldea bota nituen. Komuna margotzen hasi nintzen. Koloretako komuna nahi nuen. Ez nuen ohikoa nahi, txuri-urdina. Realekoa, nire anaiak esaten zuen bezala. Bederatzi hilabete eman nituen komuna margotzen. Zortzi aldiz margotu nuen. Ondoren, azulejoak margotzen hasi nintzen. Izan ere, azulejo asko nituen soberan.
Zer egin zenuen azulejoak bukatu zitzaizkizunean?
Birziklatzen hasi nintzen. Harrapatzen nuen guztia margotzen nuen: metakrilatoa, okume xaflak, egur xafla finak, egur xafla lodiak… Dena eskuz egiten dut, aiztoarekin eta limarekin. Izan ere, rotaflexarekin behatz bat moztu nuen eta aparailu elektrikoak erabiltzeari uztea erabaki nuen.
Zer ematen dizu pinturak?
Nire barrenetik ordura arte atera zena baino zerbait gehiago ateratzen zela ikustea gustagarria izan zen. Nire lanak oso koloretsuak dira. Hasi nintzen garaian nire bizitza nahiko iluna zen. Pinturak libre sentiarazten nau, kolore bakoitzak adimena zabaltzen laguntzen dit…
Zerekin margotzen duzu?
Ez dut pintzelik erabiltzen. Nik prestatzen ditudan makilak erabiltzen ditut. Eta pinturari dagokionez, hormak margotzeko erabiltzen den pintura erabiltzen dut. Nahasketak nik neuk egiten ditut, buruan dudan kolorea lortu arte. Lan guztietan kolore asko erabiltzen ditut. Lan batzuetan, 30 baino gehiago.
Zure kabuz ikasi al duzu?
Bai, pintura beti gustukoa izan dut eta Madrilen bizi nintzenean museoetara joaten nintzen, baina ez nekien margotzen eta nahasketak egiten.
Zer egiten zenuen Madrilen?
OHO ikasi nuen eta garai hartako Zumarraga ez zen egungoa. Kanariar Uharteetara oporretara joateko asmoa nuen, baina ez nintzen heldu. Madrilen gelditu nintzen eta 28 urte eman nituen bertan.
Zer egin zenuen Madrilen?
Garbiketa enpresa bat izan nuen eta baita taberna bat ere. Erdialdean zegoen, Pez kalean. Egunez tapak zerbitzatzen genituen eta gauez musika jartzen nuen. Rock zalea naiz. Baina Esperanza Agirrek dena pikutara bidali zuen. Ondoan bizi zen eta dena izorratu zuen. Bi urtetan, denda eta taberna asko itxi ziren. San Anton jaiak antolatzeari ere utzi zitzaion.
Zergatik itzuli zinen Zumarragara?
Aita hil zenean itzuli nintzen, ama bakarrik gelditu baitzen. Madrilen nuen guztia utzi nuen, amarekin egoteko. Ama duela lau urte hil zen. Ama hil zenean, ez nekien zer egin. Zaharregia nintzen dagoeneko berriro hutsetik hasteko eta anai-arrebek gurasoen etxean gelditzen utzi zidaten. Komunean obra egitea erabaki nuen eta…