Bertaratzen direnek talde profesional horren aurka jokatzeko aukera izango dute
League of legends bideojokoko Superligan parte hartuko duen euskal taldearen aurkezpena Urretxun izango da, larunbatean. Bideo-jokoen inguruko ekitaldiak ere egongo dira, Urretxuko Udalaren, Piztu Gazte Mahaiaren, Bisons Cluben eta Euskaltelen eskutik.
Ekitaldia Pagoeta gune soziokulturalean izango da, 16:00etatik aurrera. Hasteko, Superligan parte hartuko dute taldearekin lotutako materiala oparituko zaie parte hartzaileei. Gainera, hamar bat bideojokotan jokatzeko aukera egongo da.
16:30ean, sorpresa txiki baten ondoren, jokalari profesionalek ikusleen aurka jokatuko dute. Partida pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango da, ikusle guztien gozamenerako.
17:00etan Bisons klubari buruzko hitzaldia egingo dute. Bisons Superligan parte hartuko duen taldea da. Bizkaian sortu zen eta profesionala da. Beraien arrakastaren gakoen berri emango dute. 18:00etan Bisons klubeko entrenatzaileek beraien lanaren berri emango dute.
Bukatzeko, 19:40ean profesionalen eta afizionatuen arteko partidako finala jokatuko da.
League of legends estrategia jokoa 2009an sortu zuten. Bertan, bost laguneko bi talde elkarren aurka lehiatzen dira. Helburua beste taldearen basea txikitzea da.