Xabier Goñiren oroimenezko pilota txapelketa bihar (asteazkena) hasiko da. Aurten ere afizionatu eta promesa mailako jokalari onenetako batzuk jokatuko dute.
Promesa mailakoek lau t’erdian jokatuko dute. Bihar, Perurenak Balerdiren aurka jokatuko du. Biharko afizionatu mailako partidari dagokionez, Labakak eta Belokik, Murua eta Ugartemendiarekin neurtuko dituzte indarrak. Txapelketako partiden aurretik, Beloki pilota eskolako haurrek jokatuko dute: Aiur Caballerok eta Martin Ruiz de Gordoak, Unai Gorjon eta Ander Romanekin neurtuko dituzte indarrak.
Partida guztiak asteazkenetan jokatuko dira. Martxoaren 1ean, Etxeberriak Arrillagaren aurka jokatuko du eta Igoak eta Apezetxeak Amiano eta Aizpururen aurka. Martxoaren 8an, Rekaldek Aranbarriren aurka jokatuko du eta Beñat Azketa beasaindarrak eta Landak De la Fuente eta Aldaberen aurka.
Final laurdenetako azken bi partidak martxoaren 15ean izango dira. Beñat Zubizarreta ataundarrak Egigurenen aurka jokatuko du eta Alberdik eta Cuairanek Elola eta Lizeagaren aurka.
Lehen finalerdia martxoaren 22an jokatuko da: otsailaren 22ko irabazleek martxoaren 1eko irabazleen aurka jokatuko dute. Bigarren finalerdia martxoaren 29an izango da: martxoaren 8ko irabazleek martxoaren 15eko irabazleen aurka jokatuko dute. Finalak apirilaren 5ean jokatuko dira.
Pilotari askok Goñiren oroimenezkoa jokatu dute profesional mailara pasa aurretik. Arbizu, Morgaetxeberria eta Exposito profesionalek Zumarragako txapelketa jokatu zuten iaz. Profesionaletara pasa ez direnen artean ere pilotari bikainak daude.
Aurtengoen artean, antolatzaileek Eneko Labaka eta Beñat Azketa azpimarratu dituzte. Labakak bi aldiz irabazi du dagoeneko Goñiren oroimenezkoa eta aurten Munduko Txapelketa irabazi du. Azketa beasaindarrari dagokionez, «asko zaintzen ditu jokatzen dituen txapelketak eta Goñiren omenezkoan ikusi ahal izatea luxu txiki bat izango da».
Antolatzaileak esker onekoak ageri dira ere pilotazaleekin. Beraien babesa eskertzeko, aurten aldizkari bat argitaratu dute. Aldizkaria herriko etxe guztietan banatuko da eta pilotalekuan ere banatuko dute. Bertan, txapelketaren eta Beloki pilota elkartearen berri ematen da. Babesleei eta Zumarragako Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiete. Aurten, Gainza garraio enpresa eta Urzubi taberna izango dira beraien burua pilotarien kamisetetan iragarriko dutenak.