Aste honetan Paul Urkijoren Irati pelikula emango dute Zumarragan. Larunbateko, igandeko eta asteleheneko emanaldiak jatorrizko bertsioan (euskaraz) izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Egunero bi emanaldi egongo dira: 19:30ean eta 22:00etan.
Azkeneko emanaldia asteartean izango da, gazteleraz. Emanaldi hori 19:30ean izango da.
Irati VIII. mendean kokatutako magia eta abenturazko bidaia bat da. Karlomagnoren armada Pirinioak sarraskitzen ari da, eta, hari aurre egiteko, ibarjaunak laguntza eske jotzen du bertako jainko zaharrengana, zeinak desagertzeko zorian baitaude kristautasunaren eraginez. Odolezko itun baten bitartez, ibarjaunak etsaia garaitzen du, trukean bizia emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio ibarjaun zuzena izango dela. Urte batzuk beranduago, Eneko, jada heldua eta kristau fedean hezia, umetan egindako promesa betetzera doa; baina, orduan, aitaren gorpua, frankoei hartutako altxorrarekin batera lurperatu zutena, modu ulertezinean desagertzen da. Horrek zalantzan jartzen du haien leinua. Enekok berreskuratu egin beharko ditu bere patua betetzeko, eta horretarako ezinbestekoa izango du ibarreko gazte baten laguntza, Irati izeneko pagano batena. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.
Aktore nagusiak Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño dira.