Jose Angel Igartzabalek kargua uzteko asmoa azaldu du eta Zumarragako Udalak deialdia luzatu du. Interesdunek aste honetan bertan aurkeztu behar dute curriculuma.
Udaberri honetan aldaketa garrantzitsua jazoko da Zumarragan: azkeneko mende erdia bake epaile berarekin eman ondoren, zumarragarrek bake epaile berria izango dute.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak urtarrilaren 23an argitaratu zuen bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko deialdia. Eskaerak Zumarragako Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira. Ostirala da horretarako azken eguna.
Zumarragako bake epailea izateko hainbat baldintza bete behar dira: udalerrian bizi behar da (Justiziako Epaitegi Gorenak arrazoi sendoengatik beste herri batean bizitzeko baimena ematen ez badio behintzat) eta 18 urte beterik izan behar dira, besteak beste.
Abokatuek, prokuradoreek, kargu politikoak edo sindikalak dituztenek, funtzionarioek eta administrazioetako langileek ezin dute bake epaile izan, irakaskuntzan edo lege ikerketan aritzen direnak izan ezik.
Epe barruan aurkeztutako eskabideak Zumarragako Udalaren osoko bilkurak aztertuko ditu eta interesdunen artean deialdiko lanpostua betetzeko pertsona egokia aukeratuko da, gehiengo osoz.
Bake epailearen figura XIX. mendean sortu zen, lehen instantziako epaitegia eta instrukziokoa ez zuten herrietan. Bere zereginak epailearen erabakiak jakinaraztea, deklarazioak hartzea, erregistro zibilaz arduratzea, ezkontza zibilak barne, adiskidetze-ekitaldiak eta 90 eurotik beherako epaiketa zibilak dira, zorrak kasu.
Ez ordaintzeen kasuetan, adibidez, epailea demandatzailea eta demandatua ados jartzen saiatzen da, bere esku dituen argumentuak erabilita. Hala, ez dute epaiketa beharrik izango eta epaiketako gastuak aurreztuko dituzte.
Zumarragaren kasuan, Jose Angel Igartzabalek mende erdi baino gehiago darama bake epaile karguan. Zumarragar askok ez dute beste bake epailerik ezagutu.
Omenaldia
Martxoan mende erdi bete zuen karguan eta uztaileko osoko bilkuran Zumarragako udalbatzako kideek esker ona azaldu zioten. Udalak makil bat oparitu zion, oroigarri gisa.
Igartzabalek landutako hirurehun kontziliazio kasuetatik %90ek arrakasta izan dute. Horretaz gain, mila bikote inguru ezkondu ditu.
Igartzabalek uzteko gogoa du. «Urte asko eman ditut karguan. Duela lau urte uzteko asmoa azaldu nuen, baina beste lau urte jarraitzen banuen karguan mende erdi beteko nuela gogoratu zidaten eta jarraitzea erabaki nuen». Lekukoa hartuko duenari zorte ona opari dio. «Zuhurra izatea eta antze handia izatea gomendatzen diot».